Uparitzaga kalean eraikiko duten eguneko zentro berriak 30 laguni zerbitzua emango dio

Barren.eus 2019ko urt. 23a, 11:31

Eguneko zentroa hartuko duen egoitza berria eraikitzeko lanak laster hasiko dituztela jakinarazi du Elgoibarko Udalak. Uparitzaga kalean eraiki berri dituzten Babes Ofizialeko Etxebizitzen beheko solairuan egongo da 350 metro koadro inguruko azalera izango duen azpiegitura berria.

Elgoibarko Eguneko Zentro berria udarako martxan egotea aurreikusten dutela jakinarazi du Elgoibarko Udalak. Eguneko zentroa menpekotasuna duten pertsona nagusiei eta horien familiei arreta emateko Udalak duen baliabideetako bat da. Gaur egun hogei familiak jasotzen dute zerbitzua King-Kong eraikinean, Jubilatuen Biltokian. 

Udalak lehiaketa publikora atera berri du Uparitzaga kaleko 16. zenbakian, Babes Ofizialeko Etxebizitzak dauden eraikinean, lehen solairuko lokal bat egokitzeko lanak. Kokaleku berrian 30 familiari zerbitzua emateko aukera izango da. Dena den, zehaztu dutenez, zerbitzua 20 plazarekin hasiko dute eta antzematen diren beharren arabera beste 10 plaza gehitu ahal izango dira, beti ere Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan.

Zentro berriak orain martxan dagoenak baino irisgarritasun-baldintza hobeak izango ditu. Lokalak sarbide zuzen bat du ipar-mendebaldeko fatxadan dagoen kaletik eta hego-mendebaldean eraikineko garajerako sarbiderako arrapala bat. Gainera kaletik bertatik edo dagokion garraiobidetik lokalera erabiltzaileen iritsiera eta irteera erraztuko duen kanpoko sarbide estali bat sortzeko asmoa dute. Honela, eta kalean bertan aurkitzen denez, ez da beharrezkoa izango igogailua erabiltzea gaur egun gertatzen den bezala. Espazioei dagokienez, lokal berriak sarrera bat edukiko du, jantzitegi eta guzti, bulegoa, kontsulta gela, jardueretarako espazioa, atsedenerako espazioa, jantokia, komun egokitua, bainugela geriatrikoa, aldagelak eta langileentzako komuna ere izango ditu (ikus ondorengo planoan).

Instalazio berria eraikitzeko 199.702,55 euroko partida bideratuko du Udalak.

2019 01 23 eguneko zentroa uparitzaga elgoibar planoa

2019 01 21 eguneko zentroa elgoibar toletxe ondoan v2