‘Elgoibar 1936. Zentral elektrikoetako fusilamenduak’ liburua aurkeztu dute

Barren.eus 2019ko urt. 18a, 09:57

36ko gerran Barrena eta Olaso zentraletako familiek jasandako jazarpenaren bueltan ardaztu duen liburua, ‘Elgoibar 1936. Zentral elektrikoetako fusilamenduak’, argitaratu du Hodei Otegik (Baiona, 1982). Atzo aurkeztu zuten.

Memoria historikoa lantzen diharduen Elgoibar1936 taldekoa da Hodei Otegi, eta Elgoibarko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin argitaratu du liburua. 36ko gerran Elgoibarren gertatutako giza eskubideen urraketak azaleratzea du helburu liburuak, testigantzen bitartez. 

Non dago ‘Elgoibar 1936. Zentral elektrikoetako fusilamenduak’ liburuaren abiapuntua?
Hodei Otegi: Olasopeko fusilatzeen berri banuen aspalditik eta beti egin zait deigarria. Hasita geunden datu bila, baina 2017an, artikulu bat idatzi nuen webgunerako Olasopeko kontuen inguruan, eta hara non, Juan Mari Alberdi izeneko batek idatzi zidan esanez uste zuela datu batzuk oker zeudela, fusilatuetako bat euren aitona izan zelako eta Barrenakoa zelako [Jose Alberdi Etxaniz]. Juan Mari Alberdiren aitak, Juan Casto Alberdik, eguneroko batean jaso zituen gerran bizitako guztiak, itxuraz bilobaren batek eskatuta, eta dokumentu horrek, inoiz aurrez inon argitaratu gabeak, harrituta laga ninduen. Gero, Juan Mariren bitartez, Luciano Elkoroiribe ezagutu genuen, bere bizilaguna, eta Olasope zentralekoekin senide egiten dena. Lucianok datu pila bat eman zizkigun eta hark kontatutakoak erabakigarriak izan zaizkigu.

•Teodoro Espila salatzailearen testigantza ere jaso duzue. Zein zen Teodoro? Besteren baten topatu duzue bere izena?
H.O: Teodoro Espila erreketea zen, nafarra, Azkonakoa. Elgoibarko testigantzetan ez dugu beste inon topatu bere izena, baina Saturrarango kartzelan oinarritutako Izarren Argia dokumentalean ere aipatzen dute bere izena, salatzaile gisa. Izango zen beraz norbait! Gero jakin dugu, gainera, frankistek eurek ere epaitu zutela gero Teodoro Espila hau.

Noiz hasi zinen zu Elgoibar 1936 taldean, eta zergatik? Zer duzue orain esku artean?
H.O: 2007an hasi ginen, gudariak lurpetik ateratzeko asmoz. Bistan da, baina, inozo samarrak izan ginela. Hasi ginen, eta geroztik, datu pila bat batu ditugu. Eta konturatzen zara honek ez duela azkenik, datu batek beste baten bila hastea eskatzen duelako eta konturatzerako lotu egiten zaituelako. Denbora asko eskatzen du lan honek, baina aldi berean, presaz egin beharreko lana da, gerra bizi izan zutenen belaunaldi hori galtzen ari delako, baina asmoa bada noizbait datu guztiak liburu batean batzea. Eta Elgoibarren Memoria Historikoaren legea betearaztea ere nahiko nuke, oraindik ikur frankista asko dauzkagulako herrian, Udalak kenduko zituela agindu zuen arren.

2019 01 17 hodei otegi elgoibar 1936 liburuagaz

 Elgoibarko udaletxeko pleno aretoan egin zuten liburuaren aurkezpen ekitaldia San Anton egunean. Hona bideoan: