Oier Etxaniz: “Indar guztia aurrera egitean jartzen dute minbizidun haurrek”

Barren.eus 2019ko urt. 17a, 20:10

Haur minbiziadunen elkarteko boluntarioa da Oier Etxaniz (Elgoibar, 1988) eta Kristian Pérez eta Carmen Valois elkartekideekin batera ‘Itsasoan barrena’ liburua kaleratu berri du, Aspanogiren eskutik.

Lan kolektiboa izan da, beste lagun askok ere parte hartu dutelako prozesuan, tartean Ane Odria elgoibartarrak. Euskararen ardura hartu du Odriak. Otsailaren 13an, hitzaldia eskainiko du Etxanizek, Kultur Etxeko sotoan, 18:00etan, Aspanogik eta Gazte Asanbladak antolatuta.

w Zer beharrek eraman zintuen liburu hau idaztera?
Minbizidun haurren inguruan euskaraz ezer gutxi idatzi delako ekin genion honi. Liburuak egon badaude beste hizkuntza batzuetan, baina horietan ere, minbizia zeharkako protagonista da; gutxitan tratatzen da gaitza bera zuzenean. Behar horretatik abiatu ginen, baina egia da minbiziaz naturaltasun osoz hitz egiteko saioa ere badela liburua. Edonork dauka minbizia duen edo izan duen norbait inguruan, eta normalizatu nahi izan dugu hori ere. Minbiziaren inguruko topiko nagusia ere gezurtatu nahi izan dugu, minbiziak ez duelako beti heriotza esan nahi.

w Nola egituratu duzue liburua?
Ume zirela minbizia izan zuten zazpi lagunen arteko mahaiinguru antzeko baten transkribapena da liburua. Adin ezberdinekin diagnostikatu zieten minbizia zazpi protagonistei eta gaitza nola bizi izan zuten kontatzen dute. Diagnostiko bera izanda ere, gaitzaren aurrean bakoitzak hartzen duen jarrera ezberdina da, eta pilatutako bizipenak ere bai. Agertzen dira jazarpen kasuak, familiako kontuak... Zazpi protagonistek aspalditik ezagutzen zuten elkar, baina sekula ez zuten euren artean minbiziaz hitz egin.

w Etxe askotan sartu den gaitza izan arren, oraindik estigma handiko gaitza da minbizia hortaz.
Bai. Izurri bat da minbizia, baina kasu bakoitza bakarra da. Aldaera asko dituen gaitza da, eta ez dago bakuna bat denak amaituko dituena. Diagnostikoa drama bat da, eraginak agerikoak dira, tratamenduak gogorrak, eta portzentaje ez txiki batean heriotza eragiten du gaitzak. Beldur handia diogu, eta beldur horrek eragiten digu askotan ez jakitea minbizia duen horrengana nola gerturatu ere.

w Zer irakasgai atera duzu?
Bizitzaren pertzepzioa goitik behera aldatzen zaiela gaixoei: garrantzia benetan garrantzia duten gauzei ematen hasten dira gaixoak. Protagonistetako batzuek ospitalean egindako lagunak ere galdu dituzte prozesuan eta horrek ezinbestean aldatu die bizitzaz duten pertzepzioa. Irakasgai handia eman digute: edozer gertatzen dela ere, aurrera egin behar dela.

w Haurrengan jarri duzue begia. Adinak ere aldatzen du gaitzaz dugun pertzepzioa?
Bai. Umeek aurrera egitean jartzen dute indar guztia. Badakite gaixo daudela eta tratamendu bat jaso behar dutela, eta horixe lehenbailehen amaitzea nahi izaten dute. Gaixo daude, baina ume izaten jarraitzen dute, eta Aspanogiren bueltan gabiltzanon lana ere horixe da: umeek bizipoza ez galtzea. Gurasoek okerrago bizi dute. Heriotzaren mamua hor dute eta umea bakarrik laga ezin dutenez, bietako batek lana laga behar izaten du, eta horrek eragin ekonomikoa ere izaten du familian. Drama bat da. Minbizia nagusiagotan diagnostikatu dietenen kasuan kezkak beste batzuk dira. Bularreko minbizia dutenen elkarteko (Kattalin) lagunekin sarri erabili dugu gai hau. 50 bat urtez gorako emakumeak dira Kattalinera gerturatzen direnetako asko, eta eurenaz gain, beste askoren zaintzak ere kezkatzen ditu.

w Zein egiteko duzu Aspanogin?
Boluntarioa naiz. Informatikaria naiz ikasketaz eta informatika gustatzen zaien haurrak entretenitzen ibiltzen naiz. Orain, bioinformatikan doktoregoa egiten ari naiz eta minbizia ikertzen nabil onkologoekin batera.