Zeanurin lurpetik ateratako hiru milizianoren gorpuak Elgoibarko Kolunbarioan lurperatuko dituzte

Barren.eus 2019ko urt. 11a, 11:59

2017ko azaroaren 18an atera zituzten lurpetik Altun mendian, Zeanurin. Pedro San Millan Beitiaren gorpuzkinen bila ari ziren, baina Beitiaren gorpuzkinez gain, beste lau lagunen gorpuak ere topatu zituzten 36ko gerra-lubaki hartan. Gorpu haiek senideei itzuli zizkien atzo Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak Gogorak Bilbon daukan egoitzan. Bost miliziano horietako hiru Elgoibarko kolunbarioan hobiratuko dituzte orain.

Bost milizianoak Perezagua Batailoko kideak ziren. Hobian bertan topatutako lepoko plaka zenbakiari esker identifikatu zituzten haietako hiru: Pedro Garcia Gil, Pedro San Millan Beitia eta Isaias Rebollo Cardo. DNA probaren bidez jakin zuten gero Jose Maria Alberdi Ruizena zela laugarren gorpu bat eta bosgarrena Valentin Fernandez Sotorena izan daitekeen itxura guztiak ditu ikerketa historikoaren arabera.

Gogora Institutuak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak jardun zuten elkarlanean deshobiratze hauetan, eta atzo haien lana goratu zuen Iñigo Urkulluk ekitaldian. "Gaur, 80 urte baino gehiagoz desagertuta egon diren bost pertsona bilatzeko zikloa ixten da, eta haaztuta eduki nahi izan direnak aintzatesteko zikloa irekitzen dugu", esan zuen lehendakariak. Ekitaldian, bost milizianoetatik lauren senideek parte hartu zuten, eta baita Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak, Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak, eta hainbat sailburuk ere.

Kasuaren inguruko bideoa:

2019 01 10 milizianoak elgobar kolunbarioa lhk aranzadi irekia Jaurlaritza

2019 01 10 milizianoak lhk urkulu irekia jaurlaritza