Argazkilaritza eta sare sozialen inguruko tailerra antolatu dute nerabeentzako

Barren.eus 2018ko aza. 29a, 13:44

Eman like zibereskubideei kanpainarekin bat egin du Elgoibarko Udalak eta egitasmo horren barruan, nerabeentzako tailerra antolatu dute barixakurako Elgoibarko Gaztelekuan. Argazkilaritza eta sare sozialak izena du tailerrak.

Eman like zibereskubideei izeneko kanpainak bi helburu nagusi ditu: batetik, prebentzioa eta sentsibilizazioa, eta bestetik, gazteak ahalduntzea, sarea ondo erabiltzeko laguntza eskainiz.

Haur, nerabe eta gazteek teknologiaren erabilerari dagozkion portaera eta jarrera egokiak barneratzea nahi dute sustatzaileek, "ahalik eta erabilera seguruena eta osasuntsuena egiteko". Horretarako, inplikazioa eskatu diete gazteei, "aldarrikatzea espazio horretan daudela eta elkarrenganako errespetuaren alde daudela". Kanpainaren bitartez, ikuspegi positibo batetik, sarea ondo erabiltzeko bide-orriak eskainiko dizkiete.

 • Tailerra Gaztelekuan

Elgoibarko Udalak bat egin du #likezibereskubideei kanpainarekin. Hasteko, joan den azaroaren 19an eta 20an beraien eskubideen gaineko lanketa egin zuten Elgoibarko Ludotekako erabiltzaileek, eta bideo bat ere grabatu zuten. Halaber, Elgoibarko Gaztelekuak, biharko, azaroaren 30erako, nerabeei zuzendutako “Argazkilaritza eta Sare Sozialak” izeneko tailerra antolatu du. Tailerra Ion Markel Saez de Urabain argazkilari profesionalak eskainiko du, eta 18:30ean izango da Gaztelekuan bertan.

2018 11 29 Argazki eta sare sozialak tailerra elgoibar kartela