“Fabricando Mujeres” dokumentala estreinatuko dute gaur Elgoibarren

Barren.eus 2018ko aza. 27a, 11:59

Indarkeria matxistaren identifikazioa eta egungo egitura ekonomikoan kontsumitzen dugunaren arteko lotura aztertzen du “Fabricando Mujeres” dokumentalak. Makina Erremintaren Museoan grabatu dute filmaren zati bat, eta Elgoibarko herriari eskerrak emateko, gaur (azaroak 27) estreinatuko dute filma Herriko Antzokian.

Emanaldia 19:00etan hasiko da eta debalde izango da. Bilboko Zinebi zine jaialdian aurkeztu zuten dokumentala azaroaren 15ean, eta orain bira txiki bat egingo dute filma aurkezteko. Donostian, Gasteizen eta Elgoibarren izango dira.

“Fabricando Mujeres” dokumentalaren helburua Setem Hego Haizea elkarteak egindako ‘Indarkeria kontsumitzen dugu?’ ikerketaren emaitzak modu erraz eta bisualean pantailaratzea da. "Indarkeria matxista identifikatzeko hiru alor hartu ditugu kontuan: etxea, estetika eta mugikortasuna. Alor horietako bakoitzean pertsona desberdinak elkarrizketatu ditugu. Bakoitzak bere alorretik hitz egin du, baina denak ikuspuntu positibo batetik mintzatu dira, alternatiba berriak aurkitzeko giltzak emanez" azaldu du dokumentaleko zuzendari Paula Iglesiasek (Santiago, Galizia, 1986) Barren aldizkariari eskainitako elkarrizketan (irakurri hemen -PDF-). Iglesiasen berbetan, indarkeria matxista kritikatzen du filmak, baina tonu umoretsuan, biktimismoan erori gabe eta ahalduntzearen bidetik. "Feminismoa presente dago dokumental guztian, bere perspektiba guztietan".
Maite protagonistak (Itziar Aizpuru aktoreak antzeztuta) kontatzen duen istorio baten bidez, adituei egindako elkarrizketekin, eta elementu grafikoen bidez, kontsumo  konbentzionalak elikatutako indarkeria matxista horiek agerian uzten ditu dokumentalak.
 • Makina Erremintaren Museoan fikziozko zatiaren grabazioa
Maite protagonistaren tailerra Elgoibarko Makina Erremintaren Museoan kokatu zuten. Ana Serna zuzendari laguntzaileak aurkitu zuen kokaleku hau. "Lokalizazio desberdinen artxibo bat geneukan eta Interneten ere ordu asko eman genituen kokaleku bila. Ikusi genuen unean bertan Maiteren tailerra kokatzeko espazio bikaina iruditu zitzaigun. Oso ondo hartu gaituzte Elgoibarren, eta eskertzekoa da. Elgoibarko Udalaren laguntza ere jaso genuen eta eskerrak eman nahi dizkiogu hemendik".

Fabricando mujeres - TEASER documental interactivo from Al Borde films on Vimeo.

 • Dokumental interaktiboa ere bai, sarean
Dokumental interaktiboa ere sortu dute. Bigarren hau webgune bati lotuta dago, eta helburua da ikusleen kolaborazioari esker edukiak osatu eta handitzen joatea.

2018 11 27 favricando mujeres dokumentala elgoibar kartela