Indarkeria matxista irudikatu dute Elgoibarren eta Mendaron

Barren.eus 2018ko aza. 26a, 12:36

Indakerkeria matxistaren larriaz ohartarazi dute Elgoibarren eta Mendaron antolatutako ekintzetan, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean.

Azaroaren 25aren harira ekintza ugari egin dituzte asteburuan Elgoibarren eta Mendaron. Zapatuan 14 urtetik gorako emakumeentzako autodefentsa zein antisorgailu tailerrak egin zituzten. Domekan, berriz, kalera atera zituzten indarkeria matxista salatzeko aldarriak. Elgoibarren elkarretaratzea egin zuten Kalegoen plazan, 14:00etan. Uluka batukak feminismoaren aldeko doinuak eskaini zituen ekitaldian, eta horren ostean, aurten indarkeria matxistak hil dituen emakumezkoen izenak zuhaitz bateko adarretan jarri zituzten plazan bildutako lagunek. 2018. urtean, espainiar estatuan 44 emakume erail dituzte beren bikoteek edo bikote ohiek, eta guztira, 972 emakume hil dituzte 2003. urtetik hona. Emakunderen arabera, 2017an, 4.020 emakumek pairatu zuten indarkeria matxista EAEn, eta honek %5eko igoera adierazten du aurreko urtearekin alderatuz gero. 

Mendaron ere irudikatu zituzten indarkeria matxistak hildako emakumeak. Domeka luntzean Goñati pilotalekuan batu ziren lagunek beilatokia irudikatu zuten. Kasu honetan, baina, Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldeak feminicidio.net erakundeak zabaldutako datuak erabili zituen, eta horien arabera 88 dira aurten Espainian erahildako emakumeak. Frontoiko paretean jarri zituzten guztien izenak.

 • Elgoibarko Udalaren adierazpen instituzionala

Elgoibarko Udalak adierazpen instituzionala onartu du azaroaren 25aren harira. "Biktimen erreparazioak emakumeei ahotsa ematea eskatzen duela jasotzen du adierazpenak. "Indarkeria matxistatik libre egongo den gizartea eraikitzearekin dugun konpromisoa berretsi nahi dugu. Era berean, nazioarteko marko juridikoarekin bat, berriz azpimarratu behar dugu badagoela loturarik genero-arrazoiengatiko bazterkeria eta desberdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren artean, azken hori emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa bat bezala ulertuta", dio idatziak. Indarkeria matxistaren aurrean udal erantzunaren artikulazioa lantzen ari direla ere azaltzen du, Berdinsareatik, Berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako euskal udalen saretik. Irakurri hemen osorik adierazpen instituzionala -PDF-

2018 11 25 azaroak 25 elgoibar elkarretaratzea batuka zuhaitza

2018 11 25 azaroak 25 mendaro frontoia beilatokia