Ekintza ugari indarkeria matxista salatzeko

Barren.eus 2018ko aza. 23a, 07:36

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna izango da domekan, eta horren harira hainbat ekintza antolatu dituzte Elgoibarren eta Mendaron. Besteak beste, batukada feministak aldarrikapen doinuak eskainiko ditu domekako elkarretaratzean, eta Mendaroko frontoia hilerri bihurtuko dute.

Azaroaren 25aren harira antolatutako ekintzen barruan, zapatuan, 14 urtetik gorako emakumeentzako autodefentsa tailerra egingo dute, 9:00etatik 12:00etara Elgoibarren. Domekarako, bestalde, emakumeei zuzendutako antisorgailu tailerra eta sexu praktikei buruzko eztabaida antolatu du Narrutsik taldeak. Elgoibarko Kultur Etxeko hitzaldi gelan izango da, 10:00etan. 

 • Indarkeria matxistak hil dituen emakumezkoen izenak zuhaitz batean
Domeka eguerdirako, bestalde, elkarretaratzera deitu ditu Elgoibarko Udalak herritarrak. Narrutsik talde feministak ere bat egingo du ekimenarekin. 14:00etan izango da ekitaldia, Kalegoen plazan. Aurtengorako, baina, berrikuntzekin datoz: Zuhaitz bat egin dute, eta zuhaitz horretako adarretan dagoeneko ahotsik ez duten emakumezkoen izenak jarriko dituzte; aurten indarkeria matxistak hil dituen emakumezkoen izenak, alegia. Segidan, elkarretaratze isila egingo dute. Gainera, Uluka batukak feminismoaren aldeko doinuak eskainiko ditu. Orain dela urtebete sortu zuten Uluka Batuka taldea. Ahalduntze ikastaro bat egin zuten zenbait emakumek eta konturatu ziren Elgoibarren ez zegoela berdintasuna aldarrikatzera kalera irteten zen emakumezkoen talderik. Aldarrikapenerako emakumezkoen talde bat sortu behar zutela pentsatu zuten, eta batukada taldea osatzea bururatu zitzaien. Iazko azaroaren 25ean irten ziren estreinakoz kalera.

2018 11 23 2017 11 24 woman in black mendaro
 • Mendaroko frontoia hilerri bihurtuta
Mendaron ere egingo dituzte ekitaldiak domekan. Batetik, azken urteotako Women in black ekintza egingo dute 19:00etan Herriko Enparantzan. Horrez gain, frontoia hilerri bihurtuko dute 12:00etatik 14:30era eta 16:30etik 19:30era, herritarrek dolua agertu dezaten. Mendaroko Gaztelekuak eta Gazte Asanbladak ere bat egin dute aldarrikapenekin eta kartelak egiteko batuko dira gaur (azaroak 23), Gaztetxean. Zapatuan jarriko dituzte kartelok herriko hainbat gunetan eta 19:30ean jarri dute hitzordua kartelak ipintzen hasteko.