Amelia Tiganus: “Prostituzio etxeak indarkeria matxistaren gotorleku dira, Gobernuak baimendutakoak”

Barren.eus 2018ko aza. 23a, 07:10

Errumaniako langile klaseko familia batean jaio zen Amelia Tiganus (Galati, Errumania, 1984). Bi ahizpetan zaharrena da, ikasle ona umetan, irakasle edo sendagile izatea amesten zuena. 13 urterekin, baina, bortxatu egin zuten bost mutilek eskolatik etxerako bidean. Ez zen bortxaketa salatzera ausartu hala ere, bazekielako inork ez sinistea edo errua berari egoztea bortxaketa bera baino jasangaitzagoa egingo zitzaiola eta ezagutzen zituelako, jakina, halako kasuak ere. Taldebortxaketa hura gerora sufritu beharko zuen kalbarioaren hasiera baino ez zen izan, ordea. “Bortxaketak sistematikoak bihurtu ziren”. Eskolako atean zain izaten zituen mutilak, jazarri egiten zuten, eta 17 urte pasatxo zituela, saldu egin zuten, merkantzia nola.

Proxeneta espainiar batek erosi zuen 300 euroan, eta 3.000 euroko zorra egin zuen berak. Ondorengo bost urteetan 40 prostituzio etxetan aritu zen lanean, beste ezertarako balio ez zuela sinetsita. Duela 11 urte lortu zuen sistema horretatik irtetea, baina duela lau urte jarri zion izena bizitako guztiari. Gaur, herririk herri dabil, sexu-explotazioaren eta gizakien salerosketaren negozioa salatzen eta jendartearen kontzientzia esnarazten. Joan den azaroaren 12an Mendaron izan zen, hitzaldia ematen.

 • Zein momentutan utzi zenion mediku edo irakasle izateko nahiari, prostituzioan aritu nahi zenuela erabakitzeko? 

Urteak pasatu ditut galdera horrentzako erantzun bila, emakume jaio nintzelako ni, eta ez puta, sistema patriarkal honek hala sinistarazi badit ere. Talde-bortxaketa batekin hasi zen dena. 13 urte nituen, eta markatu egin ninduen gertaera hark. Izua sentitu nuen, izua jasandakoa kontatzeko eta izu handiagoa kontatuz gero gerta zekidakeenari aurre egiteko. Okerrena ez zelako bortxaketa izan, ingurukoen erreakzioa baizik. Baztertu egin ninduten, seinalatu egin ninduten eta puta etiketa jarri. 14 urterekin, ikasketak laga nituen. Ahalegindu nintzen aurrera egiten, baina besteen begietan puta nintzen, gure hau baino are patriarkalagoa den gizarte batean. Zaborra nintzen, eta babesgabetasun erabateko hartan, abandonu hartan, oso erraza egin zitzaien sinistaraztea puta izatea nuela bizitza honetan egin nezakeen onena. Esaten zidaten emakume azkarra izanda, bi urtean bizimodua konponduko nuela. Sinistu egin nuen, eta baietza eman nien. Jakina, informazio asko ezkutatu zidaten. Ulertutzat ematen dugu sexua dela, baina zein sexu mota? Inork ez digu kontatzen zer den beren gizonkeriaren gala egiteko ordaintzen duten putazaleen zerbitzura egotea. Merkantzia gisa saldu ninduten proxeneta bati, hark putazaleei eskaintzeko, haiek nahi zutena egin zezaten nirekin. Eta Alacanten, nire lehenengo prostituzio etxean, jabetu nintzen etxe hura nire adin bereko neskaz beteta zegoela eta denek nire patroi bera jarraitu zutela hara iristeko, puta nortasuna fabrikatzeko prozesu bera.

 • Azalduguzu prozesu hori.
Pobrezia ekonomikoa da neska asko prostituziora eramaten dituena, baina probrezia baino faktore garrantzitsuagoa da sexu indarkeriaren faktorea. Prostituzioan dabiltzan emakume gehienek sexu indarkeria jasan dute aurrez, trauma ugari pilatu dituzte, hutsaren hurrengo sentitzen dira, eta sistema patriarkal honen amuan jausten dira, sistema bera oso ondo prestatuta dagoelako babesgabetasun egoeran dauden andreak harrapatzeko.

 • Baietza eman zenuen, baina ahultasun egoeran dagoenak baimenik eman al dezake? Balio al du haren baietzak?

Eman dezake, neuk ere eman nuelako, baina baimen hori ezin da aintzat hartu, biziatua delako. Palermoko Tratatuak argi dio ezin direla mehatxua, indarra edo indarkeriaren beste formak (bahiketa, iruzurra, engainua, botere gehiegikeria edo ahultasun egoeran daudenei ordaina edo onura batzuk eskaintzea) baliatu, pertsonak garraiatzeko edo hartzeko. Bikotekidearen tratu txarrak jasan dituen emakumeari ere sarri hartu izan zaio kargu gizonaren ondotik urrundu ez izanagatik, baina zorionez, hasi gara ulertzen urruntzeko aukerarik ez dutelako ez direla aldentzen; ari gara ulertzen ezin dugula erantzukizun guztia emakume horien bizkar laga, gizarte osoaren egitekoa delako hori aldatzea. Prostituzioa abolitzea ere denon ardura da. Prostituzioak emakume guztioi egiten digu min, eta ez bakarrik putei. Gainera, kontziente izan behar gara arazo larria dugula sexu indarkeriarekin. Mutil gazteak gero eta gazteago hasten dira pornografia gogorra kontsumitzen, eta aisialdian, prostituzio etxeetara joaten dira. Emakumeak erabili eta botatzeko objektuak dira haientzat. Indarkeria horretan entrenatzen dira. Eskema neoliberal, kapitalista, matxista eta arrazista honetan, gizonen desioak eskubide bihurtzen dira, eta gure desioak, ikusezin.

 • Gazte askok sexuarekin duten lehen harremana pornografiaren bidez da, eta gizonen whatsapp talde askotan erabat naturalizatuta dago pornografia hori. Zer suposatzen du horrek?
Pornografiaren bidez indarkeria naturalizatzen ari gara, eta argi esan behar dugu pornografiak ez duela zerikusirik sexuarekin, gozamenarekin eta sentitzearekin. Pornografia ezin da gaur dagoen bezain eskura egon, eta eskoletan garrantzi handiagoa eman behar diogu afektibitateari eta sexu hezkuntzari, belaunaldi berriek uler dezaten emakumeak ez garela objektu bat.

 • Duela 11 urte laga zenuen prostituzioa, baina urteak behar izan dituzu biktima izan zarela jabetzeko. Hortik ondoriozta dezakegu emakume asko egongo direla oraindik horretaz jabetu ez direnak. Ala?
Pertsonen salerosketaren biktima izan diren emakume gehienak ez dute biktimatzat euren burua, besteak beste komunikabideetan zabaldu den biktima-eredua beste bat delako, guztiz estereotipatua: gela itxi batean katera lotutako emakumea da biktima; biktima perfektua. Gutako gehienak lotzen gaituzten kateak, baina, ikusezinak dira, putazaleek egoera onean nahi dutelako merkantzia -gu-. Eta produktibitateak bakarrik kezkatzen dituenez, proxenetek oso ondo zaintzen dute azala, merkantzia horren bilgarria. Prostitutoi, eta oro har indarkeria matxistaren biktima diren emakume guztiei, izugarri kostatzen zaie biktima direla onartzea. Terrorismoaren biktima izan den baten testigantza entzuten dugunean berehala identifikatzen dugu biktima. Indarkeria matxista kasuetan ez da hala, baina. Emakumearen hitza beti jartzen da zalantzan. Horregatik aldarrikatzen dut nik nire biktima izaera, biktimarik gabe ez dagoelako biktimariorik eta biktimariorik gabe Estatua ez delako behartuta sentitzen biktima horien aitortzarako eta erreparaziorako mekanismoak abiaraztera. Biktima hitzari balioa ere eman behar diogu. Emakumeek ez dute biktima izan nahi, ez direlako inutil sentitu nahi, baina nik garbi daukat ez dagoela indarkeria matxista jasan eta traba guztien gainetik ihes egiteko adorea bildu duen emakumea baino ausartagorik.

2018 11 22 amelia tiganus elkarrizketa 1 barren

 • Prostituzioa eta pertsonen salerosketa. Bereiztea komeni da, ala ez?
Ez. Turismo sexualaren bila dabiltzanentzako oporleku bihurtzen ari da estatu espainiarra; Europako Thailandia bihurtzeko bidean da. Turismoa da diru-iturri nagusia estatuan, apenas dagoelako industriarik, eta, jakina, interes handia dago prostituzioa lanbide bihurtzeko. Eta lan hori, nola ez, herrialde pobreetako emakumeei tokatuko zaie egitea gehienbat. Eta prostituzioa lanbide bihurtzeko interes handia dagoen bezala, interes handia dago prostituzioa eta pertsonen salerosketa bereizteko ere, inork gutxik onartuko duelako pertsonak salerostea ondo dagoenik. Baina argi laga behar dugu, pertsonen salerosketa dela prostituzio-sistema elikatzeko bide nagusia, salerosketen biktima direnen %80 sexu esplotaziorako erabiltzen direlako.

 • Prostituzioa arautzea eskatzen dute emakume eta prostituta batzuek, hala ere. Prostituzioa libreki aukeratu dutela diotenen kontrakoa al da zure diskurtsoa?
Ez. Nik prostituzioaren aboluzioa eskatzen dut eta iruditzen zait sarri nahita konfunditzen direla aboluzioa eta debekua, bi teoria-eredu ezberdin izan arren. Mugimendu feminista aboluzionista da berez, nahiz badauden feminista batzuk oraindik ez dutenak teoria hori barneratu. Teoria aboluzionista ez doa prostituten kontra; haien eskubideak bete daitezen egiten dugu lan. Prostituta askok uste dute erregularizazioak euren egoera hobetuko duela, baina ikusi dugu Herbehereetan, Alemanian.. egoerak okerrera egin duela eta prostituzioa erregularizatzearen onuradun bakarrak proxenetak izan direla, kolpetik enpresari bihurtu direlako. Proxenetak eta gobernuak ere bai, jakina, irabazi handiak lortzen ari direlako. Gainera, prostituzioa lanbide izatea nahi dutela dioten emakumeak oso gutxi dira.

 • ‘Hitz egin dezatela prostitutek eurek’ esango dizute.
Bai, sarri entzuten dugu hori eta oso krudela da, indarkeria matxistaz ari garenean ez dugulako exijitzen tratu txarrak jaso dituztenak etortzea hitz egitera, besteak beste, haietako askok bikotekidearen ondora itzuli behar dutelako gero. Guk politika publikoak eskatzen ditugu, prostituten oinarrizko giza eskubideak bermatzeko. Uste dugu, esaterako, ez dela beharrezkoa gizarte segurantzan alta emanda egotea, osasun zerbitzuak jasotzeko. Prostituzioaz ari garenean, oker bat egiten dugu: prostitutak jartzea erdigunean.

 • Nora zuzendu behar genuke argia?
Prostitutei buruz hitz egin beharrean sistema prostituzionalaz hitz egin behar dugu. Hitz egin behar dugu Estatuaz, proxenetez eta gure gizonez, larrutan hain gutxi egiten den herria izateko prostituzio etxe asko dauzkagulako inguruan. Jende asko dago hemen prostituzioaren bizkar aberasten ari dena. Badira Espainian herri asko prostituzioaren negoziotik bizi direnak, eta jakina, nor joango da prostituzio etxeak ixtera? Inor ez, baldin eta ez baditugu behintzat begiak zabaltzen eta prostituzioaren krudela bistaratzen; bizitzan beste aukerarik ikusi ez dutelako etsi-etsian prostituzioan amaitu duten andren sufrimendua azaleratu behar dugu eta haiekin enpatizatu; negozioa egiten ari direnen gainera zuzendu argia.

 • Zer isiltzen da guzti honetan?
Burdeletan emakumeak saldu eta erosi egiten direla, diru truke nahi bestetan penetratzen dituztela gizonek, pornografia kontsumitzera behartzen dituztela eguneko 24 orduan eta erdi biluzik eta takoietan ibiltzera. Gizonek, berriz, ilarak egiten dituztela korridoreetan, indarraren bidez eta diru truke, euren maskulinatea indartzeko. Aita-semeak eta auzoak ere elkartzen dira ilaran, baina inork ez du kontatzen han gertatzen dena. Putazaleek isiltasuna erosten dute. Nik ez dakit ez dugun ikusten edo ez dugun ikusi nahi, garbi daukadalako prostituten lekuan jarri eta haiekin enpatizatzen duen edonor eskandalizatuko litzatekeela.

 • Sexu-desira gizonen berezko ezaugarritzat saldu izan da. Zergatik kontsumitzen dute prostituzioa gizonek?
Prostituzioa kontsumitzeak ez dauka zerikusirik sexu-desirarekin. Nomina kobratzen dutenean etortzen dira, beraz ez du loturarik sexualitatearekin. Euren boterea agertzera joaten dira. Begira, gizonei gertatzen ari zaiena da prostituzio etxeetan babestu beharra dutela, feminismoari esker, gizarte hau aurrerapauso handiak egiten ari delako eta kalean ari garelako poliki-poliki maskulinitate molde horiek zokoratzen. Prostituzio etxeak indarkeria matxistaren gotorlekuak dira, Gobernuak baimendutakoak. Parekidetasuna lortzeko lanean ari direla esaten digute agintariek, baina bien bitartean espazio fisikoak eskaintzen dizkiete gizonei, emakumeekin nahi duten guztia egiteko. Gizonei galdetzen badiezu, berriz, bakarren batek aitortuko dizu noizbait izan dela putetxeren batean, baina trago bat hartzen bakarrik. Tragoa hartzera prostituzio etxera? Tragoak beste edozein lekutan balio duenaren halako hiru balio duen lekura? Prostituzio etxeetara doaz taberna horretan beste edozein tabernatan egin ezin dezaketena egin dezaketelako. Dena den, tragoa bakarrik hartu duela dioen horri ere esan beharko genioke ez dela errugabea, putetxera joanda negozio horri bidea ematen ari delako.

 • Putazaleak perfil jakin ba al du?
Gizonak dira, eta matxistak.

 • Nola laga zenuen prostituzioa? Zer mundu topatu zenuen kanpoan?

Bost urtez 40 prostituzio etxetan lan egin ondoren eta ikusirik agindu zidaten hura ez nuela sekula lortuko, egoerak gaina hartu zidan. Bi aste egin nituen aulkitik jaiki gabe, lanik egin gabe, eta zorra pilatzen. Eta alde egiten utzi zidaten, batetik, sinistuta zeudelako luze gabe bueltatuko nintzela berriro hara, eta bestetik, ezin nindutelako behartu eta ezta konbentzitu ere ohikoak dituzten trikimailuen bidez. Eta jakina, nik laga nuen egunean bertan 18 urteko beste hiru neska zituztelako atean, sartu zain, eta ni isilisilik nindoalako, negozioari minik egin gabe. Kanpoan, berriz, aurreiritziz betetako jendarte bat topatu nuen. Nik kontatu nahi nuen dena, baina batzuek moral kristauarekin epaitzen ninduten, eta besteek lasai egoteko esaten zidaten, ahazteko pasatutako dena, eta hori, finean, mundu hori isiltzeko beste modu bat da. Hala ere, egin nuen aurrera, topatu nuen bikotekide egonkor bat, hasi nintzen lanean eta bizitza ideala nuenean, gaixotu egin nintzen. Sekulako depresioan jausi nintzen, eta neure burua hiltzeko gogoa piztu zitzaidan. Botikekin tontotu ninduten, horixe izan zelako jaso nuen laguntza bakarra, eta nire buruaz beste egiteko gogoa ere kendu zidaten, baina bizian hilda nengoen. Konturatu nintzen sentsazio hori bera bizi izan nuela aurrez, prostituzio etxean nengoela kokaina eta alkohola erruz kontsumitzen nituenean, irtenbide bako egoera hari eusteko. Hala, botikak hartzeari laga eta irakurtzeari ekin nion, konpultsiboki. Feminismoa deskrubitu nuen, eta salbazioa izan zen patriarkatua zer zen jakitea. Feminismoak indarra eman dit jendeaurrera irten, bizitakoak salatu eta beste hitz egiterik ez duten emakume batzuen ahotsa izateko.

 • Zeintzuk neurri hartu beharko genituzke?
Lobby proxenetaren aurrerabide guztiak trabatu beharko genituzke. Udaberrian, Open Society Foundationek egoitza zabaldu zuten Bartzelonan (prostituzioaren gune nagusia estatuan). George Soros filantropoa da horko burua eta izugarrizko dirutza ari da jartzen prostituzioa legeztatzeko. Estrategia global bati erantzuten dio honek jakina, geopolitikoki interes handia dagoelako Espainian prostituzioa legeztatzeko, prostituzioa lanbide bihurtzeko. Prostituzioa despenalizatu nahi dutela esaten dute, baina hemen, zigortua dagoen bakarra proxenetismoa eta sexu esplotazioa da. Beraz, zer esan nahi dute horrekin? Bada, proxenetei enpresari deitzeko eta sexu-esplotazioa lan esplotaziotzat hartzeko. Kontzientzia hartu behar dugu eta agintariei exijitu biktimak identifikatzeko, babesteko eta haiei erreparazioa emateko. Era berean, sentsibilizazio kanpainak egin behar ditugu gizonei zuzenduta. Argi esan behar diogu prostituzioa kontsumitzean pertsonen salerosketa sustatzen ari direla. Eskoletan hezkuntza afektibo-sexualari buruzko programak lantzea ere urgentziazkoa da.

 • Feminismoan topatu zenuen argia. Prostituzioaren gaian behar besteko indarrez ari al gara feministok?
Gure zilborrari begiratzen diogu sarri eta iruditzen zaigu emakume guztiak gure maila berean daudela eta exijitzen dugunak denentzako balio duela, baina gertatzen dena da lurra joten daudenen oinarrizko beharrak beste batzuk direla. Nik izugarri maite dut Euskal Herria eta oso eskertua nago herri honi, hemen topatu diodalako zentzua bizitzari, baina egia da Euskadiko mugimendu feministan prostituzioa gai tabua izan dela eta ez dela ezta eztabaidatu ere egin.

2018 11 22 amelia tiganus hitzaldia prostituzioa mendaroelkarrizketa barren 2018 11 22 amelia tiganus hitzaldia mendaro elkarrizketa barren

 Testua eta argazkiak: Ainara Argoitia/BARREN aldizkaria.