Azken urteetan egin izan duten moduan, bigarren eskuko produktuen merkatua egingo dute Mugikortasun Iraunkorraren Aste barruan. Zapatu honetan izango da, Maalako parkean, 10:00etatik 14:00etara. Herri Eskolako eta Elgoibar Ikastolako ikasleek etxean eta egoera onean dituzten jostailuak, liburuak eta kirol materiala salduko dituzte. Salmentan ateratzen dutenarekin ikastetxeek ingurumenarekin zerikusia duen irteeraren bat egiteko erabiliko dute. Era berean, Parrokiako Misio taldeak bidezko merkataritzako produktuak salduko ditu.
• Sentsibilizazio kanpaina
Zapatu arratsaldean, berriz, Debabarreneko Mankomunitateak eta Ecovidriok beirazko ontzien gaikako bilketaren aldeko sentsibilizazio kanpainako ekitaldia egingo dute. Maalan izango da, 10:30etatik 14:00etara. Informazio-dinamizazio puntu ibiltari bat egingo da Maalan. Informazio puntu horrek, beiraren gaikako bilketaren eta edukiontzi berdearen inguruan herritarrak informatzea du helburu, eta horretarako informazio panel eta jolas parte-hartzailez hornituak daude. Halaber, jolasez gain, bi tailer egongo dira, bata txapak eta imanak egiteko eta bestea beira birziklatuarekin egindako bolatxoekin eskuturrekoak edota lepokoak sortzeko. Informazio puntura gerturatzen diren pertsona guztiek, beirazko ontzietan ontziratutako eta bertako produktuekin egindako otarra eder bat irabazteko aukera izango dute.