Elgoibar Lagunkoia ekimena jarri dute abian herria hobetzeko adineko pertsonen partaidetza bultzatzeko

Barren.eus 2018ko aza. 20a, 16:14

Eusko Jaurlaritzak Euskadi Lagunkoia ekimena jarri zuen abian. Horren helburua da herrietako auzoak eta inguruneak hobetzeko asmoz, adineko pertsonen, eta orokorrean, herritarren parte-hartzea sustatzea, zahartzen goazen heinean gure bizitza aurrera eramateko gai izan gaitezen. Elgoibarko Udalak ere bat egin du ekimenarekin eta partaidetza prozesu bat jarri du martxan. Herritarrak inkesta bat betetzera animatu dituzte.

Elgoibar Lagunkoia ekimena aurkeztu dute gaur Elgoibarko Udaleko ordezkariek eta ekimenaren talde eragilea osatzen duten elkarteetako ordezkariek. Eusko Jaurlaritzak zahartze aktiboa sustatzeko bultzatzen duen “Euskadi Lagunkoia” sarera batu da Elgoibar, beste 54 herrirekin batera. Euskadi Lagunkoia ekimenarekin bat eginda honako helburuak bete nahi ditu Elgoibarko Udalak: adineko pertsonek Elgoibarko herriaren ongizatea sortzeko duten ahalmenari probetxua ateratzea; herrian parte-hartze prozesuak sortu eta bultzatzea; ekimen lagunkoien sare bat sortzea; eta herriko inguruneetan aldaketak txertatzea elgoibartarren bizi kalitatea hobetzeko.

 • Inkesta bat

Hasteko, diagnosi bat egingo du Udalak. Herritarren eta eragileen ideia eta iritziak jasotzeko inkesta bat sortu dute. "Herria adinekoentzat zenbateraino dagoen egokitua ikusteko banatuko ditugu galdetegiak", azaldu dute parte hartze prozesuaren inguruan. Galdetegiak hainbat lekutan jarriko dituzte herritarren eskura: herriko kultur elkarteetan, ikastetxeetan (Ikastola eta Herri Eskola), Jubilatuen Biltokian, Liburutegian eta Kultur Etxean.
Sustatzaileek inkesta betetzera animatu dituzte herritarrak. Behin inkesta betetakoan horretarako propio sortu dituzten buzoietan entregatu beharko dira, honako lekuetan: HAZen (Herritarren Arreta Zerbitzua), Ikastetxeetan, Jubilatuen Biltokian, Kultur Etxean eta Liburutegian. Buzoiak egongo diren lekuetan inkestak ere izango dira.

Gaur eta bihar jarriko dituzte buzoiak aipaturiko lekuetan, eta abenduaren 14ra arteko epea ixzango da inkestak beteta bueltatzeko.
Inkestan ageri diren galderetan hainbat gairen inguruko balorazioa eskatzen da; eta, besteak beste, irisgarritasuna, komunikazioa, garraioa, partaidetza, gizarte integrazioa, etxebizitza eta aisialdia dira bertan azaltzen diren gaiak. Galdetegia anonimoa izango da. Inkestan batutako erantzunak eta emaitzak aztertu eta gero, Elgoibar Lagunkoia ekimeneko talde eragileak balorazioa egin eta lehentasunak finkatuko ditu.
 • Talde eragilea
Elgoibar Lagunkoia taldea boluntarioek osatzen dute, eta hilean behin elkartzen dira. Taldea irekia da, eta edonork parte hart dezake bertan. Egiten diharduten lanari babesa eman eta indartzeko asmoz, Udalak hitzarmena sinatu zuen Eusko Jaurlaritzarekin.
 • Zozketa
Herritarren partaidetza bultzatzeko, zozketa egingo dute inkesta betetzen dutenen artean. Sarituak 300 euroko bonoa jasoko du Txankakua merkatari elkarteko kide diren saltokietan gastatzeko. Zozketa abenduaren 19an egingo dute eta Udalaren webgunean eta prentsan jakinaraziko dute irabazlea. Saria jasotzeko beharrezkoa izango da inkestarekin batera doan zenbakidun orria gordetzea, zenbakia bertan agertzen delako.