Hiart Compañonek esker oneko mezua zabaldu du hezur-muina eskatzeko deiak izan zuen erantzunagatik

Barren.eus 2018ko aza. 20a, 10:54

Elgoibar, Mendaro, Deba, Eibar eta beste hainbat herrietako jendeari eskerrak eman dizkie Hiart Compañonek bere gaixotasunaren aurrean erakutsu duten "enpatia, maitasun eta errespetuarengatik; eta noski jende horrek guztiak sorturiko “zurrunbiloarengatik”.

"Hiart Compañon Aldalur 'debar-elgoibartarra' naiz. Pasatu da denbora nire mezua sare sozialetan eta beste komunikabide batzuetan zabaldu zenetik eta orain eskerrak emateko ordua iritsi da", azaldu du Compañonek. 41 urteko Elgoibarko bizilagunari leuzemia gaixotasuna diagnostikatu zioten, eta berearekin bateragarria den hezur-muina behar du. Duela hilabete inguru hezur muin emaileak bilatzeko kanpaina jarri zuen abian sare sozialetan, eta sekulako erantzuna izan zuen. Bere lehengusina Miren Otalek egin zuen lehen deia Facebook sare sozialean urriaren 23a, eta mezuak izugarrizko zabalpena izan zuen. 

Jasotako babesa eskertu du orain Hiart Compañonek. "Lehenik eta behin eskerrak ematen dizkiot gure familiari gau, egun eta uneoro euren maitasun osoz babesteagatik. Era berean, mila esker nire koadrilakoei, lankideei eta lagun guztiei egunero bidalitako mezu, dei, bideo eta abarrek helarazi didaten indar eta maitasunarengatik. Nola ez, gure lehengusina Miren Otal Astigarragari gure mezua lau haizetara zabaltzeagatik. Azkenik Donostiako ospitaleko hematologia sailean lan egiten duen talde guztiari: mediku talde, erizain, auxiliar eta gainontzeko langile guztiei, eurengandik jasotako tratu goxo eta bereziarengatik".

Emaile egiteko interesa dutenek ondorengo telefonoetan eskuratu dezakete informazioa: 943 007 000 (Gipuzkoa), 945 006 291 (Araba), 94 403 36 01 (Bizkaia), 900 303 404 (transfusio eta ehunen saila). Internetez www.euskadi.medulaosea.org webgunean aurkitu daiteke informazio gehiago.

Lotura duten albisteak: