Janari bilketan boluntario izan nahi duten lagunek hainbat modu dute izena emateko: arreta@elgoibar.eus e-postara idatzita, 943 741 050 telefonora hots eginda edota Herritarren Arreta Zerbitzuan-HAZ (Santa Ana2, behea).
Izena emandako lagunekin txandak antolatuko dituzte gero. Bai barixakuan eta bai zapatuan, 9:00etatik 21:30etarako ordutegia betetzeko. Txanda egiteko ordutegiak eta saltokiak boluntario kopuruaren arabera antolatuko dira.
Hainbat oharren berri eman dute antolatzaileek:
- Boluntarioen eginbeharrak: Txaleko bereizgarriak jantzita, merkataritza-gunean sartzen direnei bonu bat emango diete dohaintza egiteko, edo bestela, poltsa bat eskaini eta poltsa janariarekin bueltatzera gonbidatuko dituzte. Ondoren, poltsak jaso eta dohaintzan emandakoa propio prestatutako enbalajeetan jarriko dute.
- Elgoibarren, 2014 urtetik hona, adingabeekin batera parte har daiteke elikagaien bilketan, betiere, pertsona horiek balioetan hezteko helburuarekin.
- Adingabeek parte hartu ahal izan dezaten, ezinbestean, pertsona heldu baten ardurapean egon beharko dute. Nolanahi ere, neska-mutikoak boluntario gisa izena eman beharko dute, gainerako boluntarioei bezala, asegurua egin diezaieten.
Elgoibarren jasotzen diren elikagaiak Gipuzkoako Elikagai Bankuak Bergaran duen egoitzara eramango dituzte. Handik, berriro ere gure zonaldean banatuko dute beharra duten familietan. Elikagai Bankura jotzen duten familien kopuruak goranzko joera du. Urtetik urtera pertsona gehiagorengan iristeko beharra dago.
- 2013an 6.565 Kg elikagai bildu ziren.
- 2014an 9.980 Kg elikagai bildu ziren.
- 2015ean 16.550 Kg elikagai bildu ziren.
- 2016an 12.524 Kg elikagai bildu ziren eta 2.583€ bonotan.