Plazandre topaketan hartuko dute parte Danele Sarriugarte eta Maialen Gurrutxaga elgoibartarrek

Barren.eus 2018ko urr. 26a, 12:04

Emakumeek plaza publikoan duten rola aztertuko dute Plazandre Topaketan, urriaren 31n, Bilbon. Hainbat profiletako 11 emakumek (bertsolariak, abeslariak, idazleak, kazetariak…) euren bizipenak kontatuko dituzte, eta horien artean izango dira Danele Sarriugarte eta Maialen Gurrutxaga.

2018 10 25 Plazandre kartela danele maialen v1Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak antolatu du #Plazandre topaketa, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta Emakunderen laguntzarekin. "Patriarkatuak emakumeak eremu pribatuan mantendu izan ditu historikoki. Zentzu honetan, emakumeek espazio publikoa hartu izan dutenean edota jendaurreko jarduna burutu dutenean, balioespena lortu behar izan dute egitura horren aurka joan ahal izateko. Hori dela eta, oraindik ere, gizonezkoak dira espazio publikoetako epizentroa. Plazagizonak alegia. Errealitate honi erreparatzeko eta emakumeek espazio publikoan dituzten parte hartzeko esperientziak biltzeko antolatu dugu Plazandre ekitaldia", azaldu dute sustatzaileek. Bilbon izango da, -Bizkaia aretoko Oteiza espazioan (Abandoibarra Etorb,3)-, urriaren 31n, 18:00etan. EGK-ko ekitaldiak 18-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude. Ekitaldian parte hartzeko interesa dutenek Formulario bat bete behar dute izena emateko. Informazio osoagoa: egk.eus

•Giza liburutegien metodologia
Giza Liburutegien metodologia erabiliko dute emakumeek bizitako esperientziak eta, topatutako arazo eta oztopoak identifikatzeko. "Giza Liburutegiak pertsonen istorioak ‘irakurtzeko’ eta ezagutzeko espazioak dira. Horrela, normalean elkarrizketa bat izango ez zenuen pertsonekin hitz egiteko aukera bat eskaintzen da", azaldu dute.
Hainbat profiletako 11 emakumek (bertsolariak, abeslariak, idazleak, kazetariak…) euren bizipenak kontatuko dituzte espazio intimo batean eta entzuleek protagonistei entzun, galdetu eta euren iritzia emateko aukera izango dute. Elgoibartarrak izango dira emakume horietako bi: Maialen Gurrutxaga Uranga eta Danele Sarriugarte Mochales. Idazle, itzultzaile eta literatura kritikaria da Sarriugarte. Kimikan graduatua, 2015etik Elgoibarko zinegotzia eta 2016tik legebiltzarkidea da Gurrutxaga.

2018 10 25 Plazandre maialen gurrutxaga

2018 10 25 Plazandre danele sarriugarte