'In Dialogue' dokumentala aurkeztuko du Xuban Intxausti zuzendariak, gaur

Barren.eus 2018ko urr. 25a, 08:43

In Dialogue dokumentalak elkarrizketak duen garrantziaz berba egiten du Ipar-Irlandako gatazkan oinarrituta. Xuban Intxausti zuzendaria etorriko da gaur (urriak 25) Herriko Antzokira bere lana aurkeztera, eta dokumentalean jasotako elkarrizketa prozesuaren inguruko xehetasunak eta esperientziak herritarrekin konpartitzera.

Xuban Intxaustiren In Dialogue dokumentalak, elkar ulertu eta errespetatzeko bidean, elkarrizketak duen garrantziaz hitz egiten du. Ipar-Irlandako gatazkan elkarren kontra borrokatzen aritu ziren haiek, mahai baten bueltan bilduko baitituzte, bakoitzak iraganaren gainean egiten duen irakurketa besteekin konpartitzeko eta iragan horrek lagatako zauriak sendatzen laguntzeko.

Dokumentalaren emanaldia eta solasaldia 21:00etan hasiko dira Herriko Antzokian.

Elgoibarko Herritarren Bizikidetza Taldeak eta Ongarri zineklubak giza-eskubideen inguruko bi emanaldi antolatu dituzte Udalaren laguntzaz. Lesa Humanitat dokumentala eskaini zuten lehenik, urriaren 18an, eta In Dialogue izango da bigarrena, eta azkena.

Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte bi saio hauetara, bai eta, urtean zehar taldeetan edo antolatzen dituzten beste ekimenetan ere parte-hartzera. "Gizarte zabalean ez ezik, Elgoibarren bertan ere landu ditzagun bakea, bizikidetza eta giza-eskubideen errespetua. Bakoitzak ahal duena, bakoitzak beretik".

2018 10 11 Zine zikloa Urria ELGOIBAR komunitatea