Eibarko Ospitaleak Debabarreneko 75.000 laguni zerbitzua eskainiko die astelehenetik aurrera

Barren.eus 2018ko urr. 24a, 13:32

Astelehenean inauguratu zuten Eibarko Ospitalea Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jon Darpon Osasun sailburuak, eta datorren astelehenean jarriko dute martxan.

Kronikoentzako ospitalea izango da Eibarkoa, baina inguruko osasun zerbitzuak ere bertan bilduko ditu. Eibarko Ospitaleak Debabarreneko 75.000 biztanleei irisgarritasuna eta eskaintza sanitarioa hobetuko dizkie, baina Debagoieneko eta Lea-Artibaiko bizilagunei ere emango die zerbitzua. Lehen Mailako Arreta (familia-medikuntza eta pediatria), buruko osasuna, erresonantzia magnetikoko talde bat (Osatek) izango duen Erradiodiagnostikorako zerbitzua eta Errehabilitazio zerbitzua egongo dira. Era berean, kanpo-kontsultetan zortzi espezialitate eskainiko dituzte, 14 kontsultetan. Azkenik, 20-24 oheko hiru ospitaleratze-unitate izango ditu, bi solairutan banatuta, guztira 72 ohe. 

Eibarko Ospitalea datorren astean zabalduko badute ere, ez ditu zerbitzu guztiak hasieratik emango, eskainiko dituen zerbitzuak era mailakatuan zabaltzen joango dira. 

Urriaren 22an egin zuten inaugurazio ekitaldian parte hartu zuten Elgoibarko eta Mendaroko alkateek ere, Ane Beitiak eta Sonia Garciak. Osasun-zerbitzu publiko unibertsal eta kalitateko baten alde Euskadik egindako apustuak “aurrerapauso bat· eman duela nabarmendu zuen Iñigo Urkulluk ekitaldian. Ekitaldiko argazkiak eta bideoak www.irekia.euskadi.eus webgunean.

2018 10 22 181022 lhk eibar ospitalea 017 irekia eusko jaurlaritza