Auzoari buruzko bideo-txatalak batzen ari dira ONU auzokoak

Barren.eus 2018ko urr. 21a, 12:55

Gaur Ermuaranbide izena duen kalekoek ONU esaten zioten orain mende erdi jatorri askotariko lagunak hartu zituen auzoari. Oraingo eta lehengo bizilagunek ekitaldi berezi bat iragarri dute azaroaren 10erako. Herriko Antzokian izango da ekitaldia eta auzoaren historiari buruzko dokumentala eskainiko dute bertan.

Era berean, baina, auzotarren oroitzapenak ere batu nahi dituzte, dela bideo formatoan edo bestela. Norbaitek zerbait kontatu nahiko balu, jarri dadila harremanetan antolakuntza taldekoekin: Gloria Bollar, Andoni Segundo edo Gerardo Otero.

Gaur egun, Ermuaranbide du izena; lehenago, 21 de Septiembre zen. Hala ere, ONU esaten diote elgoibartar gehienek orain mende erdi jatorri askotariko lagunak hartu zituen kaleari. “Auzoan euskaldunak, galiziarrak, gaztelarrak eta portugaldarrak bizi ginen. Asko, kanpokoak. Horrexegatik esaten diogu ONU. Denak familia berekoak ginela zirudien. Etxeetako ateak beti egoten ziren zabalik”, dio Gerardo Oterok.
Bizilagunen artean sortutako harreman eta elkartasun handiak nortasun berezia eman zion ONUri. Baldintza zailak izan arren, auzokideak harro daude bertan bizi izanaz. “Auzoak konnotazio marginala izan badu ere, auzoko kide izatea aldarrikatu dugu beti”, azaldu zuen Andoni Segundok BARRENek ONU auzoari 2007an eskainitako erreportajean, duela 11 urte bazkari berezia baten bueltan batu baitziren 150 bat bizilagun.

 • Ospakizuna azaroaren 10ean

Oraindik ere auzo sentimenduak indar berezia du ONUn eta aurten ere ospatuko dute auzoaren izana eta izaera. Azaroaren 10ean elkartuko dira berriro ere. 11:15etan luntxa egingo dute Txarriduna hotelean eta handik Herriko Antzokira joango dira dokumentala ikustera. Auzokide zaharrenak omentzeko ekitaldia ere egingo dute antzokian. Gero bazkaria egingo dute Sigma jatetxean, musikarekin. Interesatuek urriaren 26a baino lehen eman beharko dute izena, 43 euro ordainduta, honako kontu zenbakian: ES98.3035.0007-23.0071136105 (Euskadiko Kutxa)

BIDEOA: Elgoibarko Ermuaranbide ONU kaleko bizilagunek argazki zaharrekin osatutako bilduma: