Gizartea

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

dominika gorriti elgoibar gernika bonbardaketa lekukoa zarautzko hitza onintzaElgoibarko Urruzunoberri baserrian jaio zen Dominika Gorriti Agirre 1928an. Harrezgero bizitoki asko izan ditu eta gaur egun Zarautzen bizi da. Zortzi urte zituenean Gernikan bizi zen eta bere begiz ikusi zuen Gernika sutan 1937ko apirilaren 26an. Orain jarri da estreinako aldiz kamera eta grabagailu baten aurrean Gernikako bonbardaketan ikusitakoak eta bizitakoak kontatzeko. Zarauzko Hitzak jaso du Gorritiren lekukotasuna.

"Ikaragarria izan zen hura; gorrotoa txarra da", dio Dominika Gorritik Zarauzko Hitzari eskainitako elkarrizketan. Oraindik ere galdetzen dio bere ea zergatik egin zuten hura. "Zergatik bonbardatu zuten Gernika alemaniarrek eta zergatik hil zuten horrenbeste jende errugabe". Berak, babeslekuan gelditu ordez mendira joan zelako kontatu dezake 8 urte zituenean bizitakoa. 

Zer egiten zuen zortzi urteko ume elgoibartar batek Gernikan egun hartan? "Denbora bat neraman Gernikan bizitzen izeba-osaben etxean. Elgoibarko baserri batekoa naiz, Urruzuno auzoko Urruzunoberrikoa eta kalea urrun geneukan. Nik ikastea nahi zuten, eta pentsatu zuten Gernika egokiagoa zela". 

Eskola garaia zen, eta bizitza normala zeramaten herrian, 1936ko gerra hasita egon arren. Apirilaren 26aren aurreko egunetan, ordea, bitan ezkutatu behar izan zuten bonbardaketen edo erasoen kontrako babeslekuetan. Ondo gogoan ditu bi egun haiek Gorritik: "Aurrenekoan eskolan ginen, eta herriko kanpaiak eta sirenak joka hasi ziren. Sekulako hotzikara eman zuen horrek. Gertu zegoen babesleku batean ezkutatu ginen, baina ez zen ezer gertatu". Bigarrenean, berriz, etxean zegoen, eta handik udaletxe azpiko sotora joan ziren, han baitzegoen babeslekua, beren etxetik nahikoa gertu. "Babeslekura sartzeko pasabidea oso estua zen: atea handia zen berez, baina hondarrez betetako zaku handiek estaltzen zuten ia osorik. Barru guztia, berriz, leporaino beteta zegoen. Denok elkarren kontra-kontra egon ginen". Orduan ere ez zen ezer gertatu.

 • Mendira jo izanak salbatu zituen

Baina iritsi zen apirilaren 26 hura. Astelehena, azoka eguna Gernikan. 15:00etan hasi ziren kanpai eta sirena hotsak, arriskuaren berri ematen. Hortxe zuten udaletxea eta babeslekua, baina mendira jo zuten orduko hartan Gorritik eta bere izebak. Eta horrek salbatu zituen, seguruenez, heriotzatik. "Osaba betiko orduan etorri zen tailerretik etxera bazkaltzera. Hizketan aritu ginen aurreko egunetako alarmez eta abar, eta halako batean osabak esan zigun dena txikituko zutela eta mendira jotzeko. Gerora pentsatu izan dut ea nola ote zekien osabak hori gertatuko zela. Baina, noski, Durangokoa [bonbardaketa] lehenago izan zen, eta hortik aterako zituen kontuak".

Osaba etxean zen 15:00ak iritsi zirenean. "Hasi ziren kanpaiak eta sirenak, eta osabak esan zion izebari: Mendira jo, Maria, mendira jo. Gogoan dut". Eta halaxe, udaletxe ondotik Foru alderako baserri bidera jo zuten, "bide zatar batetik". Xehetasun guztiak gogoan ditu: pasatako kaleak, eraikinen ezaugarriak, distantziak… "Petril handi bat pasatu genuen izebak eta biok ahal genuen moduan, eta sorora sartu ginen, eta izkinara joan ginen, fabrika bateko horma handi baten kontraraino. Erreten handi bat zeukan, eta hantxe ezkutatu ginen gu eta beste mordo bat. Ahal genuen guztiok hantxe sartu ginen". Erreteneko belar handien artean ezkutatuta, Gorritik hirunaka ikusi zituen hegazkin alemaniarrak gerturatzen, "zeru urdin-urdinean".
"Behe-behetik etortzen ziren eta sekulako distira egiten zuten". Beraiek geldi-geldi, dio Gorritik eskuak elkartuta, otoitzerako bezala, une haiek gogoratuz. "Larritasun horretan ez zara gogoratzen zer daramazun soinean, baina nik badakit beroki gorria neramala, norbaitek esan zuelako gorri hori, gorri hori! eta amona batek bere mantala askatu eta estali egin ninduelako".
Hegazkinak euren buru gainetik igaro ondoren "turrurrurrurru" entzuten zela azaldu du, "ez dakigu metrailladoreak ziren ala zer". Kontuak kontu, hegazkinak ezkutatu orduko ekiten zioten ihesari. "Guk azkar egiten genuen gora ahal genuen moduan, eta berriz etortzen zirenean, gu geldi", dio imintzioka. "Soroa handi samarra zen, eta soroaren gorenetik gorago joanda, arbolarte bat". Handik ikusi zuten bonbardaketa. "Garbi-garbi ikusi genuen nola txikitzen zuten udaletxea. San Juango eliza eta beste eraikin batzuk ere apurtu zituzten, eta azkenean dena sutan ikusi genuen".
 • Aita ere Gernikan, berak jakin ez arren
Mundua txikia delako, edo bizitzan kasualitateak egon ohi direlako, Gorritik gerora jakin zuen apirilaren 26 hartan Gernikan izanak zirela bere aita eta anaia zaharrena ere. Harrotasunez azaldu du zer egiten zuten haiek han egun hartan. "Eibar-eta bonbardatzeko, inguruko baserritarrak derrigortzen zituzten idiekin kanoiak garraiatzera gerra-tokira. Gure aitak ez zuen horretan parte hartu nahi, eta nahiago izan zuen idiak saldu eta ihes egin". Eta halaxe egin zuen. Hamalau urteko semearekin batera oinez abiatu ziren Elgoibartik Bilbora, han idiak saltzeko. Dirua hartu eta etxera bueltatzea pentsatu zuten, baina Gipuzkoara sartzeko muga itxita aurkitu zuten, eta Arteagako baserrian gelditu ziren egun batzuz.
Apirilaren 26an, ordea, Gernikan izan zen aita azokan, "anaiari arropa erosteko edo, eta gutxigatik ez zuen bonbardaketak bertan harrapatu". Ondoren, bederatzi hilabetez desagertuta egon ziren bere aita, anaia eta osaba. Eta inoiz ez du jakin non izan ziren tarte horretan. "Zorionez, gure familian ez zen bajarik egon, baina entzuten zen halako etxeko andre azokatik etxera astoarekin zihoala hil zutela metrailaz, eta beste halako ere hil zutela. Halakoak entzuten ziren".

Erlo Telebistan ere ikus daiteke Dominika Gorritiri buruzko bideo-erreportajea:

Gernikako Bonbardaketatik bizirik ateratzea nola lortu zuen kontatu digu Dominika Gorritik from Erlo Telebista on Vimeo.

∞Lotura duten albisteak:

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza