Giza eskubideen inguruko zine zikloa antolatu dute elkarlanean Elgoibarko Herritarren Bizikidetza taldeak eta Ongarrik

Barren.eus 2018ko urr. 10a, 13:13

Elgoibarko Herritarren Bizikidetza Taldeak eta Ongarri zine-klubak giza-eskubideen inguruko zine-ziklo bat antolatu dute Elgoibarko Udalaren laguntzarekin, Giza-Eskubideen Adierazpen Unibertsala aldarrikatu zela 70 urte betetzen direla aitzakia hartuta. Urriaren 18an eta 25ean, Lesa Humanitat eta In Dialogue filmak eskainiko dituzte, doan, Herriko Antzokian.

"Amets bera dugu bi taldeok, giza eskubideak errespetatuko diren gizarte bat, eta baita zeregin bera ere: eskubide horien urraketak azaleratu eta salatzea. Arlo honetan lan asko egin behar dela iruditzen zaigu baina, era berean, helburu hori lortzeko egiten dena erakustea eta ezagutzea ere funtsezkoa da, elkarrenganako errespetuan oinarritutako gizarte bat eraikitzen jarraitzeko", adierazi dute zine zikloa antolatu duten Elgoibarko Herritarren Bizikidetza taldeak eta Ongarrik.

Giza-eskubideen inguruko bi dokumental eskainiko dituzte hil honetan: urriaren 18an (21:30ean) eta urriaren 25ean (21:00etan), Elgoibarko Herriko Antzokian. Debalde izango dira. (ikus zikloari buruzko eskuorria -PDF-)

Lehenengoan, Hector Faver zuzendariaren Lesa Humanitat dokumentalak (109 minutu), memoria historikoari eta justizia unibertsalari erreparatzen dio, frankismoaren biktimen ahotsak ezagutu eta kriminalen zigorgabetasunaren eta trantsizio demokratikoaren garaitik gaur egunera bitarteko gertaeren manipulazioaren gainean hausnarketa egiteko.
 • Xuban Intxausti zuzendaria etorriko da 'In Dialogue' aurkeztera Elgoibarrera

Bigarrenak, Xuban Intxaustiren In Dialogue dokumentalak, elkar ulertu eta errespetatzeko bidean, elkarrizketak duen garrantziaz hitz egiten du. Ipar-Irlandako gatazkan elkarren kontra borrokatzen aritu ziren haiek, mahai baten bueltan bilduko baitituzte, bakoitzak iraganaren gainean egiten duen irakurketa besteekin konpartitzeko eta iragan horrek lagatako zauriak sendatzen laguntzeko. Bigarren emanaldi honetan, gainera, Xuban Intxausti zuzendaria etorriko da Elgoibarrera bere lana aurkeztera, eta dokumentalean jasotako elkarrizketa prozesu haren inguruko xehetasunak eta esperientziak herritarrekin konpartitzera.

Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte bi saio hauetara, bai eta, urtean zehar taldeetan edo antolatzen dituzten beste ekimenetan ere parte-hartzera. "Gizarte zabalean ez ezik, Elgoibarren bertan ere landu ditzagun bakea, bizikidetza eta giza-eskubideen errespetua. Bakoitzak ahal duena, bakiotzak beretik".

2018 10 10 in dialogue xuban intxausti donostia kultura

 Lotura duten albisteak: