Julen Zabaletak jasoko du 2018ko Gure Balioak saria, errekonozimendua lortzen duen bosgarren elgoibartarra

Barren.eus 2018ko urr. 9a, 12:10

2018ko Gure Balioak saria Julen Zabaleta Barrenetxea (Elgoibar, 1921) marrazkilariak jasoko du. Debabarreneko eskualdean pertsona edo entitate batek bere ibilbidean zehar sustatu dituen giza balioei aitortza egitea du xede Gure Balioak Sariak. Mallabian egingo dute bederatzigarren edizioaren sari banaketa ekitaldia urriaren 25ak.

Debegesak jakitera eman duenez, hamalau hautagai aurkeztu dituzte aurtengo Gure Balioak Sarirako eta epaimahaiak Julen Zabaleta "Yulen" marrazkilariari eman dio saria. Eibarren bizi den marrazkilari elgoibartarrak 97 urte ditu, eta ume-umetatik izan du marrazkirako zaletasun handia, 2011. urtean BARREN aldizkariari eskaini zion elkarrizketa batean azaldu zuenez. Besteak beste, tintaz eta lumaz egindako 4.000 marrazki baino gehiago dituela bere etxeko “bunkerrian” artxibauta dio. Sasoi bateko eraikinak eta galtzeko arriskuan dauden ofiziuak marraztea gustatzen zaio Yuleni, eta dozenaka liburutan topatu daitezke bere lanak. 

 • "Talentu, ekimen eta izaera altruista"

Gizarte, enpresa eta hezkuntza arloan diharduten Debabarreneko sei lagunek osatutako epaimahaiak erabaki du saria Julen Zabaletari ematea, “bere zalantzarik gabeko talentu, ekimen eta izaera altruistarengatik; beti prest bere ilustrazio lanak behar izan dituzten pertsona eta erakundeekin kolaboratzeko eta bere ekarpena egiteko”. Marrazketarako duen pasioari leial jarraituz, nabarmentzekoa da liburu ilustratzaile gisa Julen Zabaletak egin duen ibilbide emankorra, “eta ez du inoiz zalantzarik egin bere marrazkiak uzterako orduan, trukean ezer eskatu gabe”.

Elgoibar, Eibar eta, oro har, Debabarreneko eskualdeari oso loturik egon da, eta azken hamarkadetan gogotik marraztu du gure herrietako eraikin eta alderdi esanguratsuenak erralismo eta zehaztasun handiz jasoz. Hala, epaimahaiak modu oso positiboan baloratu du Julen Zabaletaren lana, “balio artistiko eta kultural handikoa; bere obraren bidez, Debabarreneko eta, oro har, Euskal Herriko aberastasun historiko eta arkitektoniko oparoa ikus daiteke, baita geure herriek bizi izan duten eraldaketa ere”.

Azkenik, epaimahaiak aintzat hartu du artistaren “lan isil eta etengabekoa, sormena, umiltasuna eta aldarte ona”. Ikus hemen Julen Zabaletaren bizitzari eta ibilbideari buruzko hainbat xehetasun.

 • Sari banaketa Mallabian

Saria datorren urriaren 25ean banatuko da Mallabiko pilotalekuan, 19:00etik aurrera. Mallabiko Udalarekin batera, beste urte batez, DanobatGroup enpresaren laguntza izango du Gure Balioak Sariaren banaketa ekitaldiak. Saridunak Juan Luis Baroja Collet artistaren eskultura bat jasoko du, sari honetarako bereziki diseinatua.

 • Bost elgoibartar sarituetan

2010az geroztik banatzen du Debegesa garapen agentziak Gure Balioak Saria, Debabarreneko eskualdean giza balioak indartzeko eta sustatzeko helburuarekin –integritatea, errespetua, ekintzailetza eta lankidetza-elkarlana –, eskualde lehiakor eta jasangarri bat lortzeko bidean beharrezko direla iritzita. Orain arte egin dituzten bederatzi edizioetan bost elgoibartarrek jaso dute Gure Balioak Saria. Felix Etxeberria Parapan izan zen azkena saria jasotzen, iaz. Mendaroko San Agustin kulturgunean egin zen sari banaketa ekitaldian jaso zuen ibilbide oso baten aitortza.

Aurreko edizioetako saridunak izan dira:

2018 10 09 julen zabaleta elgoibar gure balioak saria debegesa

2018 10 09 julen zabaleta marrazkilaria elgoibar 2011 barren kulturetxe

2018 10 09 gure balioak julen zabaleta elgoibar barren lp