Taldea indartzeko jende berri bila dabil emakume migratzaileen Loreak taldea

Barren.eus 2018ko urr. 5a, 14:32

Duela pare bat urte sortu zuten Loreak taldea etnia eta jatorri ezberdineko hainbat emakumek, Elgoibarko Zabaltzen-Sortu erakundearen babesean, eta orduan zerrendatutako helburu-sorta berari eusten diete oraindik taldekideek, taldeak orduko giharrik ez badu ere.

Emakume migratzaileen Loreak taldean ez dute udazkenik nahi. Emakumeen artean aliantzak sortzen eta elkarrengandik ikasten jarraitu nahi dute, baina horretarako talderako kide berriak behar dituzte, arrazoi ezberdinengatik taldea utzi behar izan dutelako sorrerako emakume erreferenteetako batzuek. Urteotan hainbat tailer eta ekimen sortu dituzte Loreak-en bueltan, beti ere ahalduntze feministarako, eta nahiko lukete dinamika horri eustea. Joskintza tailerra da boteretzeko duten tresnetako bat. Pedro Mugurutzako eskoletan elkartzen dira ostiralero, 9:30etik 13:30era eta atea zabalik dute. Interesatuek hara aurkeztu besterik ez dute. Loreak taldeko kideekin batu da BARREN aldizkaria. (1091. zenbakian irakur dezakezue Loreak, lorte bila erreportajea -PDF)

loreak elgoibar jostungintzan danak mugurutzan

Funtsean bi helburu nagusirekin sortu zuten Loreak taldea 2016ko otsailean: emakume migratzaileak ahaldundu eta ikustaraztea eta kulturartekotasuna sustatzea. Horretarako sareak josi nahi dituzte emakumeen artean, ahizpatasuna landu, baina zaila zaie, atzerritarra eta klase sozial apalagokoa izateak berariaz dakartzan zailtasun erantsiengatik. “Taldeko erreferente ziren emakume batzuek utzi egin behar izan dute, kanpoan lana topatu dutelako edo beste herri batera migratu behar izan dutelako familia hartuta”. Horregatik, taldea indartu nahi dute orain, deialdia egin jende berria inguratzeko. “Pena litzateke horren lagungarri zaigun talde hau galtzea”, nabarmendu du Marian Mousaifek, Loreak-eko presidenteordeak. Mousaif marokoarra da sortzez eta duela zortzi urte iritsi zen Elgoibarrera. “Neure burua indartzen lagundu dit Loreak-ek”, dio. “Loreak-en ahaldundu dira emakume hauek. Konfiantza hartu dute euren buruengan, autoestimuan irabazi dute, nolako bizitza-proiektua nahi duten ikusteko balio izan die proiektu honek, eta bide horretan lana topatu dute eta profesionalki ere garatu dira. Mousaif Zumaiako enpresa batean ibili da lanean, jostun, berak nahi zuen horretan”, gehitu du Miriam Caro gizarte hezitzaileak.

2018 10 04 loreak eloibar mugurutzan borobilean

Mousaif bera da taldeko liderretako bat, Elgoibarrera iristen diren emakume askorentzako erreferente bat. Hona iristen diren asko “galduta” egoten dira, besteak beste hizkuntza ere arrotza zaielako eta “lehenengo harreran” laguntzen diete Loreak-en. “Erakundeotan gabiltzanok ere zailtasunak izaten ditugu migratzaileekin komunikatzeko hizkuntza dela-eta. Loreak taldeko emakume erreferente hauek, baina, ezagutzen dute arabiera, wolofera, urdua... eta hori laguntasun handia izaten da emakume migratzaileei lehen harreran laguntzeko”, dio Carok. Gizarte zerbitzuetara laguntzen diete, eskolan matrikulazio tramiteak egiten, paperak zuzentzen eta konfiantza giroa sortzen ere bai, sorterritik urrun joan behar izan duenarentzat herrikide bat topatzea bera beti delako lasaigarri. “Aurreiritzi asko daude oraindik, baina garbi laga nahiko nuke inork ez duela bere herria gustoz lagatzen; ez dela erraza dena laga eta bizimodua kanpoan topatzea. Ez gatoz hona beste batzuen kontura bizitzeko asmotan. Lanera gatoz, gure seme-alabek guk izan duguna baino bizitza hobea izan dezaten. Zailtasunak asko dira, eta emakumeen kasuan trabak beti dira handiagoak. Loreak-en ere igarri dugu, taldekideoi zaila zaigulako dinamikari berari eustea”, azaldu du Mousaifek. Carok beharrezko ikusten du emakume migratzaileen motxilak daukan pisua bistaratzea: “Ez dabiltza kapritxoz hara-hona. Garbi esan behar dugu bi urtean behin herriz aldatu behar izatea ez dela kapritxoa, biziraun nahi bat baizik. Guk geuk ere gauza bera egingo genuke haien egoeran”.

 • Emakumeak, Ahalduntzeko baliabideak
Emakume migratzaileen taldea da berez Loreak, baina antolatzen dituzten tailerretan atea zabalik dute hemen bertako emakumeentzat ere. “Ibili dira eta badabiltza bertakoak ere eta oso gustura etortzen direla aipatu izan digute denek. Guretzat aberasgarriena hori da, zubiak eraikitzea emakumeeon artean”. Alfabetatze eskolak eta gaztelania ikasteko tailerrak antolatu zituzten lehenengo eta gero etorri dira besteak, tartean joskintzakoa, josten ikasteko ez ezik sozializatzeko bidea ere erraztu diena askori. “Kolorean, arrazan, klasean eta beste mila kontutan ezberdinak izan arren, emakume guztiok komunean gauza asko daukagula ikasi dugu josten ari garela. Hitz egin dugu gure kezkez, gure beharrez, emakumearen eguneroko kontuez”, esan du Mousaifek, gaur arte joskintza tailerra zuzendu duen Maddalen Aduriz hezitzailearen lekukoa hartu duenak.

2018 10 04 loreak elgoibar jostungintzan goitik

2018 10 04 loreak elgoibar jostungintzan 1

loreak elgoibar jostungintzan 2