Eibarko suhiltzaile etxea Elgoibarrera ekartzea proposatu du Aldundiak

Barren.eus 2018ko urr. 5a, 08:46

Suhiltzaileek Gipuzkoan ematen duten zerbitzua hobetzeko hainbat neurri proposatzen ditu Gipuzkoa Babestu 20_30 Plan estrategikoak, eta horietako bat da gaur egun Azitainen dagoen suhiltzaile etxea "kilometro batzuk Elgoibar alderago eramatea".

Eibarren, Azitainen, dagoen Arrate suhiltzaile etxeak Debabarrenako ingurune guztiari ematen dio zerbitzua baina "oso urruti" aurkitzen da kostako herrietatik: Debatik eta Mutrikutik. Gipuzkoa Babestu 20_30 Plan estrategikoan ageri denez, gaur egun puntu horietan sumatzen da larrialdien arretan alderik nabarmenena; izan ere, udalerri horietara iristeko denborak Gipuzkoako gainerako udalerrietara iristeko batez besteko denboraren gainetik daude. Horixe litzateke suhiltzaile etxea Eibartik Elgoibarrera aldatzeko arrazoi nagusia. "Lekualdatze horrek ez luke atzerapen handirik sortuko Eibarko udalerriarekiko arduran, lehengoaz gain bigarren etxe bat izango bailuke efektibo gehiagorekin eta 15 minuturen azpitik iristeko gaitasunarekin (Bergaran) eta laguntza denbora murriztea ahalbidetuko lieke Urolako eta kostako suhiltzaile etxeei Elgoibarko etxetik, gaur egun bi kasuetan 20 minuturen gainetik baitaude". Izan ere, Bergara erreferentziazko suhiltzaile etxearen kokaleku berria izateko aukeratu dute.

Egungo estaldura eremuak eta suhiltzaile etxeen kokapena 80ko hamarkadan zehaztuak direla dio Foru Aldundiaren GB 20_30 Planak. Zerbitzua sortu zen garaikoak, alegia. "Garai haietatik gaur egunera Gipuzkoako gizartea askoz ere garatuagoa dago, alderdi batzuetan goitik behera aldatu baita. Azken urteetan garatu den gaitasun handiko errepide sare berriak, 2019an Deskargako obrak bukatzen direnean Gipuzkoako biribilgune deritzana osatzera iritsiko denak eragin du eskualde desberdinen eta Gipuzkoako udalerrien artean komunikazioa azkarra izateko hain garrantzizkoa den azpiegitura horretatik kanpo geratzea zenbait suhiltzaile etxeren kokapena".
Lurraldeari bide azpiegitura berrien eraginez sortu zaizkion ondorio operatiboak aztertu eta suhiltzaileen etxeek izan beharko luketen kokapen idealekin udalerritik udalerrira denboren ikerketa xehe bat egin ondoren, hiru suhiltzaile etxeri kokapen berria ematea edo lekuz aldatzea planteatzen du Aldundiak: OƱatin kokatua den Zubillagari, Legazpin kokatua den Korostiri eta Eibarren kokatua den Arrateri.