Koloneko minbizia saihesteko topaketa mediko-gastronomikoa egingo dute Elgoibarren

Barren.eus 2018ko urr. 4a, 15:51

Minbiziaren kontrako Gipuzkoako AECC Elkarteak topaketa mediko-gastronomikoa antolatu du Elgoibarren astelehenean, urriaren 8an. Gure Bide elkartean izango da eta Leire Mendibil eta Nora Otegui Mendaroko Ospitaleko digestio saileko medikuek eta Josu Mugerza sukaldariak hartuko dute parte.

Jardueraren lehen zatiak helburu bikoitza du: batetik, elikadurarekin eta bizitza-ohitura osasungarriarekin lotutako hainbat jarraibide emango dituzte, eta bestetik, antzemate goiztiarreko kanpainetan parte hartzeak duen garrantzia nabarmenduko dute. Leire Mendibil eta Nora Otegui Mendaroko Ospitaleko digestio arloko medikuek koloneko minbizia, hori saihesteko moduak, eta garaiz antzemateko egin beharrekoak izango dituzte hizpide.

Topaketa mediko-gastronomikoaren bigarren zatian, Belaustegi jatetxeko Josu Mugerza sukaldaritza-burua arduratuko da menu osasungarria osatuko duten hainbat plater prestatzeaz. Gainera, janaria osasungarriago prestatzeko zenbait modu azaldu eta erakutsiko dizkie parte-hartzailei. Mugerzak Donostiako Urola jatetxean hasi zuen ibilbide profesionala. Geroago, Irizar jatetxea edo Madrilgo Basque establezimenduetako sukaldeetan aritu zen lanean. Horrez gain, Japonian edo Mexikon jatetxeak eduki zituen. 1999. urtean erabaki zuen jaioterrira itzultzea eta Belaustegi Baserria Jatetxea sortu zuen familiaren baserrian.

Gure Bide elkartea Elgoibarko Bernardo Ezenarro kaleko 9. zenbakian (Salen tabernaren alboan) dago. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Jarduera honetarako plazak mugatuak dira, berrogeita hamar bat parte-hartzailerentzako lekua dago. Topaketa mediko-gastronomiko honetan parte hartzeko interesa dutenek Gipuzkoako AECCren Eibarko egoitzarekin jarri beharko dute harremanetan 943 202 494 telefonoan (Ardanza kalea, 11), edo posta elektroniko bat bidali gipuzkoa@aecc.es helbidera.

Gipuzkoako AECC elkarteak Elgoibarko Udalaren laguntzarekin antolatu du topaketa hau.