Maguette Mbeugou da hildako emakumea; 25 urte zituen eta adingabe biren ama zen. Ertzaintzak Bilboko etxebizitza batean aurkitu zuen bere hilotza atzo eguerdian, indarkeria zantzuekin. Lepoa moztua zuen, eta hainbat zauri zituen gorputzean. Bikotekidearen aurkako salaketa bat ipinita zegoen Bilboko Udaltzaingoan. Hark hil zuela uste du Ertzaintzak. Atzo arratsaldean atxilotu zuten ustezko hiltzailea Mutrikun. Maguette Mbeugourena Euskal Herrian aurten izandako zazpigarren hilketa matxista da, gutxienez.
Azken hilketa matxista salatzeko mobilizaziotara deitu dute Elgoibarren eta Mendaron ere.
- Elgoibarren 19:30ean egingo dute elkarretaratzea, Kalegoen plazan. Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Emakumeen Kontseiluak antolatu dute.
- Mendaron, Tratu Onen Aldeko Taldeak deituta, lapiko jotzea egingo dute Herriko Enparantzan, 20:00etan.