Elgoibarko alkate Ane Beitiak jakinarazi duenez, suak eragindako kalteak neurtzeko txosten teknikoa egin du udal arkitektoak, eta kiskalitako eraikinetik hondakinak kentzea dela gomendagarriena ondorioztatu du, "eraikinak dituen kalte estrukturalak argiago ikusi ahal izango direlako, eta era berean zenbaterainoko kaltea duten ondoko eraikinek", azaldu du. Erabakia, baina, etxejabeena eta aseguruena dela nabarmendu du Beitiak. "Txostenean oinarrituta, hondakinak kentzen hasteko gomendioa egingo diegu guk. Gainerako bizilagunen eta herritarren segurtasuna bermatzea dagokio Udalari, eta lanok ahal bezain lasterren egitea eskatuko diegu, bizikidetzaren mesedetan".
Udalak kalea ixtea erabaki du erretako eraikinetik Errosario kalera teilak edo antzerako objektuak erortzeko arriskua dagoelako. Segurtasuna bermatu arte edo beste bideren bat topatu arte egongo da kalea itxita.
• 11 familia etxetik kanpo
Suak kiskali zuen eraikineko hiru etxebizitza erabat hondatuta daude, baina aldameneko portaletakoetan ere izan zuen eraginik suteak eta hau itzaltzeko erabilitako baliabideek. Suhiltzaileek egun osoz jardun zuten zapatuan ura botatzen eta baita domekan ere, sua inguruko etxeetara zabaltzeko arriskua handia zelako Errosario eta San Bartolome kaleetan egurrezko etxe zahar asko daudelako. Ur guzti horrek kalteak eragin ditu Errosario kaleko 6. zenbakiko hiru etxebizitzetan eta Kalegoen plazako 5. zenbakiko bost etxebizitzetan. Eta ikusteko daude suak eragindako kalteak zenbaterainokoak diren. Aipaturiko 11 etxebizitza horietako bizilagunak etxetik kanpo dira zapatutik, beharrezko gauzen bila euren etxeetara sartzeko aukera izan badute ere, udaltzainek eta suhiltzaileek lagunduta betiere. Bizilekurik gabe edo etxetik kanpo gelditu diren hiru familiak eskatu diote laguntza Udalari eta horietako bi familia Udalak larrialdi kasuetarako duen etxe sozial batean daude, behinik behin. Gainerako kaltetuek euren kabuz topatu dute bizilekua, baina alkateak zehaztu du guztien jarraipena egiten ari dela Udala, Gizarte zerbitzuetako baliabideak euren esku jarriz. Ane Beitiak jakinarazi duenez, gaur bertan egingo dute bilera kaltetutako bizilagunekin.
Inguruko taberna eta komertzioetan ere izan du eragina suteak. Iturri eta Jai Alai tabernak, esaterako, ezin izan dituzte zabaldu.
∞Lotura duten albisteak: