Txiki Egunean, Makillak kuadrilla handi

Barren.eus 2018ko ira. 7a, 06:55

Egiazko lagunak makila eta txakurra omen dira, baina Makillak izenaren baitan gordetzen dena Elgoibarko lagun kuadrilla bat da. Aurten urte berezia da beraientzat, eta bereziak, oso bereziak izan dira haientzat amaitu berri diren sanbartolomeak. Izan ere, orain dela 50 bat urte Txiki Egunez elkarrekin irtetzen hasi ziren.

Jai-giroak elkartzen ditu Makillak kuadrillakoak eta batez ere Txiki Egunak. Aurten bete dituzte 50 urte lehenengoz Txiki Egunean elkartu eta taldean irteten hasi zirela; neska eta mutil, denak elkarrekin, garai hartan ohikoa ez bazen ere. Gogoan dute 1968.urtean irten zirela lehenengoz taldean, baina nola elkar ezagutu zuten ez dute horren garbi elkarrizketarako batu diren lagunek. Kuadrillako batek esan du neskak Sigmako jaietan dantza egitera joan zirela eta handik bueltan, plazan elkartu zirela gaur kuadrillako dituzten mutilekin. “Orain gure kuadrillakoak direnak ez zeuden Sigman behintzat, eta gainera guretzat hauek "umeak" ziren, guk pixka bat zaharragoak nahi izaten genituelako dantzarako. Baina han aspertu ginenean plaza aldera etorri eta Bolatokiko parkean aurkitu genituen eta hantxe berbetan hasi eta gaur arte!”. Hala entzuna dio Eloisa Zubiaurrek lagunari. 

Hantxe izan zuten lehen harremana, eta gerora, Bandak plazan eskaintzen zuen dantzaldian, sendotu zuten harreman hori, pixkanaka. Batez beste 14 urte zituzten lehen aldiz elkartu ziren hartan eta gaztetxoegiak ziren taberna batera sartzeko, beraz, ziurrenik ogitartekoren bat jango zuten elkarrekin, urte batzuk gerorago hasi zirelako Txiki Egunez elkarrekin bazkaltzen. Ez zen ohikoa sasoi hartan neska eta mutilak kuadrillan elkarrekin ibiltzea eta Jose Inazio Jauregik ondo gogoan du bera baino lau urte zaharragoa zen lehengusu batek nola egin zion haserre Txiki Egunean neskekin joan zirelako. “Orduan, Txiki Egunean kuadrillan irtetea mutilen gauza zen gehienen ustez”, esan du Mari Fran Juaristik.
Besteen esanak kontuan hartu gabe, 50 urtez bizi izan dute Txiki Eguna kuadrillan eta bestelako ospakizunak ere egin izan dituzte.

• MENDE ERDI
Aurtengo Txiki Egunean bete dute mende erdi elkarrekin irteten hasi zirenetik, eta urteurrena gogoratzeko hainbat jarduera egin dituzte. Abuztuaren 27rako 50. urteurreneko zapi gorri bana eta txapelak prestatu zituzten. Horiek jantzi, Bear Dana elkartean elkarrekin gosaldu eta gero eliza aurrean aurreskua dantzatu zien Aitor Asenjok. Urtemuga, baina, ezin zorionak abestia kantatu gabe amaitu. Mauxitxa txarangakoek jo zieten pieza. Ondoren, Mauxitxakoekin talde-argazkia egin, kuadrillan urteotan hildakoak gogoratu eta aurtengorako propio sortu duten ereserkia abestu zuten. Kuadrillako kideek egin dute abestia: musika, Txomin Mujikak, eta hitzak, Jose Luis Mujikak.
MAUXITXA TXARANGAREN LEHEN PAUSOAK
Mauxitxa txaranga ezin zen Makillak kuadrillakoen urteurren ekitaldian falta. Izan ere, Mauxitxa bera Makillak kuadrillako batzuek sortutakoa da, Mauxitxa izena geroago hartu bazuen ere. Izena bera ere Makillak izan beharko luke gaurko txarangak, kuadrillako hainbaten ustez. “Gure kuadrillako hainbat mutil hasi ziren txarangarekin (Luis eta Victor Zubiaurre, Txomin Mujika, Ricardo Mujika, Juan Luis Arregi, Ricardo Gorriti eta Jose Alberto Ansola) eta gerora sartu ziren herriko beste musikari batzuk. Zuzendaria Jose Alberto Ansola Mauxitxa zen, eta haren izena hartu zuen txarangak, norbaitek halaxe esango zuelako”.
Eloisa Zubiaurrek eta Mari Fran Juaristik gogoan dute txaranga lehen aldiz Txiki Egunean irten zenean, euren kuadrillako alkandorak jantzita ibili zirela denak kalean, bai txarangakideak eta baita gainerako kuadrillako lagunak. Ondo gogoan dute, era berean, kasaka haiek nola egin zituzten ere. “Ez geneukan apenas dirurik eta merkealdian erosi genuen loredun oihala Eibarko Galerias Preciadosen. Kuadrillako baten izeba jostunak moztu zuen eta gero bakoitzak bere etxean josi. Txiki Egunean etxera joan ginenean lore guztiak gorputzean itsatsita geneuzkala konturatu ginen eta garbitutakoan kasakek kolorea galdu zutela, baina...”.

Kasakek galdu zuten kolorea, baina Makillak kuadrillakoek ez dute umore eta kanturako grinik galdu. Urte askoan halaxe jarraitzeko asmoa dute gainera, eta 75. urteurrena bete zain egon gabe, gauza diren artean, ospatzen jarraitzeko gogoa agertu dute. “Baina hemendik aurrera ospakizunen arteko denbora tarteak laburragoak izan behar dira, gehienez bost urtekoak”, bota du Mari Fran Juaristik. Makillak taldeak ez du sortu zeneko izaera galdu nahi eta ez du ematen galduko duenik gainera.

2018 09 06 makillak kuadrilla txiki elgoibar 50 urte

2018 09 06 makillak kuadrilla txiki elgoibar 50 urte mauxitxagaz

2018 09 07 makillak kuadrilla elgoibar txiki eguna 1968

2018 09 07 makillak kuadrilla elgoibar txiki eguna mauxitxa