Mauxitxa txarangak astelehenean, irailaren 3an, joko du Lanaren diana

Barren.eus 2018ko abu. 31a, 13:46

Lanaren dianarekin ematen dio hasiera irailari Mauxitxa txarangak eta aurten ere ez diote usadioari hutsik egingo, baina iraileko lehen eguna zapatua denez, irailaren 3an, astelehenean, irtengo dira kalejiran.

Ohi duten moduan, 7:00etan puntuan, eguna argitu gabe dagoela, hasiko dute Lanaren diana Kalebarren plazatik, eta leku berean amaituko dute saioa herri guztia kalejiran pasa eta gero. 

Duela 40 urte inguru hasitako ohitura da Mauxitxa txarangak iraileko lehen egunean egiten duen kalejira berezia. San Bartolome festak amaitu berri, lanera bueltatzeko eguna izango da askorentzat astelehena, eta, egun batez bada ere, txarangaren doinuek egingo dituzte iratzargailuaren lanak. Hala, umorez esnatuko dira elgoibartarrak, ona ala txarra bakoitzaren esku izango bada ere.