Elkarreratze isila egin dute jaietan emakume batek jasandako eraso sexistaren aurka protesta egiteko

Barren.eus 2018ko abu. 31a, 07:59

Hainbat herritar batu ziren Kalegoen plazan jaietako azken egunean txosnagunean gertaturiko eraso sexista salatzeko eta biktimari babesa eskaintzeko. Narrutsik taldeak eginiko deiarekin bat egin zuten Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Emakumeen Kontseiluak.

Ordu laurdeneko elkarretaratze isila egin zuten eta Narrutsik talde feministako ordezkari batek honako testua irakurri zuen bertaratutakoentzat:

Jakina den moduan, jaietako azken egunean, eraso matxista bat egon zen Elgoibarren. Izan ere, gizonezko batek emakumezko bat erasotu zuen hitzez zein fisikoki. 

Hau salatzeko hemen bildu gara gaur, alde batetik, erasotuari babesa emateko, eta bestetik, erasotzaileei adierazteko ez dugula horrelako jarrerarik onartzen.

Zoritxarrez behin eta berriz gertatzen dira horrelako egoerak eta nazkatuta gaude.

Eskerrik asko, bai momentuan eta baita orain ere zuen laguntza eskaini duzuen guztiei.

Nabaria da aldaketa bat nahi dugula eta horretarako indarra badaukagula.

Jaiak, gaua eta kaleak emakumeonak ere badirelako!

•Elgoibarko Udalaren adierazpen instituzionala

Elgoibarko Udalak adierazpen instituzionala adostu eta zabaldu du. Eraso sexista irmo gaitzesteaz gainera, erasoa jasan duen emakumeari eta bere ingurukoei laguntza nahiz begikotasun osoa adierazi die udalak adierazpenean. Era berean, Udalak jakinarazi du informazio eta baliabide guztiak jarri dituela erasotako emakumearen esku, baita bere onera etortzeko prozesuan behar izan dezakeen laguntza guztia ere.

"Elgoibarko Udalak gertaeraren berri izan duenetik eta erasoari buruzko informazioa egiaztatu, erkatu eta zabaldu ondoren, Emakumeen aurkako indarkeriari erantzun publikoa emateko Protokolo instituzionala aktibatu du informazioa baloratzeko eta, biktimari edo bere gertukoei egokia den arreta eman ahal izateko, beharrezkoa den koordinazioa ziurtatzeko. Arreta egokia bideratu dela ziurtatu eta informazioa baloratu eta gero, Elgoibarko Udalak hurrengo erabakiak hartu ditu: alde batetik, Udalaren jarrera irmoa adieraztea, argi eta garbi esateko ez ditugula inola ere onartzen emakumeen eskubideak urratzen dituzten eraso makur hauek; eta, bestetik, herritar guztiei bide bat eskaintzea, gaitzespen argi bat agertu dezaten emakumeen aurkako indarkeriaren aurka, indarkeria ez baita soilik erasoa edo hilketa pairatzen duten emakumeen arazoa, baizik emakume guztiena".

2018 08 30 Erasoak Kontzentrazioa2