Gizartea

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2015 05 06 itsasoaribegiraaurkezpenaGaixotasun neurologikoa dutenen bizimodua azaleratu nahi duen Itsasoari begira dokumentala Elgoibarren estreinatuko dute eguenen honetan (maiatzak 7). Herriko Antzokian izango da estreinaldia, 20:30etik aurrera. Lehen emanaldirako sarrerak agortu direla-eta, bigarren emanaldirakoak saltzen ari dira orain. Sarrera doan izango da. Dokumentalaren zuzendari Lorea Perez de Albenizek eta Maier Gurrutxagak dokumentalaren nondik norakoak aurreratu dituzte gaur eskaini duten prentsaurrekoan. (bideoa dauka)

Maier Gurrutxaga elgoibartarraren alaba Itxaso da Itsasoari begira 50 minutuko film dokumentaleko protagonista. Itxasok 17 urte ditu eta lau hilabete zituela atzeman zioten medikuek gaixotasun neurologikoa. Itxasoren bizimodua jaso dute dokumentalean, eta gaixotasun neurologikoak dituzten pertsonen egunerokoa azaleratzea da ekoizleen helburua. Itxasorekin batera, bere senide eta lagunek ere hartu dute parte, eta gaiari buruzko iritzi desberdinak batu dituzte. Batzuetan iritzi kontrajarriak entzungo ditugu, eta bestetan, berriz, osagarriak. Azken batean Itxasoren bizitzaren errealitatea ikuspuntu desberdinetatik jaso dute. Protagonisten erreakzioen eta sentimenduen berri eman nahi diete ikusleei, eta "desberdinak" diren haur horien mundua ezagutarazi eta ulertarazi nahi die Lorea Perez de Albeniz zuzendariak hartzaileei. Itxasne, animazioko pertsonaiak, poz eta umore puntu batekin islatuko du mundu hori, eta unibertso zabal hori ulertarazten lagunduko du.

  • SARRERAKEguen honetan (maiatzak 7) estreinatuko dute dokumentala Elgoibarko Herriko Antzokian (20:30). Sarrera doan izango da. Lehen emanaldirako sarrerak agortu dira dagoeneko eta bigarrengorako sarrerak ari dira saltzen. 21:30ak inguruan hasiko da bigarren emanaldia.

• Itxaso, protagonista

Luze jo du Zesatenjuenaz ekoiztetxeak gauzatu duen egitasmoak. Lagunak dira Lorea Perez de Albeniz eta Maier Gurrutxaga, eta 2010ean hasi ziren dokumentala egiteko aukeraz berbetan, eta 2011ean idatzi zuen gidoia Perez de Albenizek. Itxasoren amak azaldu ditu dokumentalaren haspapenen nondik norakoak: "Itxaso moduko umeak dituzten familiak eta lagunak nola bizi diren eta zer sentitzen duten ezagutarazteko dokumental bat egin nahi zuela esan zidan Loreak, baina ezezkoa eman aurretik ondo pentsatzeko eskatu zidan. Halaxe egin zen. Ez neukan nire bizimodua guztien aurrean biluzteko gogorik, baina Itxasori begiratu nion orduan, eta Itxasorena moduko gabezia neurologikoak dituzten pertsonengandik asko ikas daitekeela erakusteko balio zezakeela pentsatu nuen. Inola ere nahi ez nuena dramatismoetan erortzea zen". Emaitzarekin oso gustura geratu dela gaineratu du. "Itxasorekin ditugun bizipenak primeran islatu ditu Loreak dokumentalean, eta oso modu baikorrean gainera. Ikuspuntu desberdinak naturaltasunez ageri dira". Kamera aurrean jartzeko izan duten prestutasuna eta ausardia eskertu die Loreak Maierri, eta era berean haren senide eta lagunei. Dokumentala gauzatzeko bidelagun izan dituzten profesional eta lagun guztiak ere eskertu ditu. Izan ere, zailtasun eta oztopo ugari gainditu behar izan dituzte, besteak beste, finantzazio arazoari egin behar izan diote aurre. 2012ko udazkenean diru-bilketa kanpaina egin zuten antolatzaileek, eta horri esker egin du aurrera proiektuak. Perez de Albenizek  jakinarazi duenez, elgoibartar askok lagundu zuten, eta azken etapan, Elgoibarko Udalak emandako diru-laguntza ere oso garrantzitsua izan dela nabarmendu du. Hori dela eta, estreinaldi-ekitaldian udaleko ordezkariak ere izango dira dokumentalaren ekoizleekin batera, egitasmoa herritarren aurrean aurkezteko.

• Laburmetraia ikastetxeetan erakusteko

Elgoibarko Herriko Antzokian estreinatu eta gero, Galdakaon erakutsiko dute dokumentala, hango udalak ere lagundu baitu diruz egitasmoa. Ondoren Bilbon ere emanaldi bat eskaintzea gustatuko litzaiekeela jakinarazi du dokumentalaren zuzendariak, herriz-herri ematen hasi aurretik. Euskal Telebistarekin ere jarriko dira harremanetan telebistaz eman ahal izateko. Bestetik, dokumentalaren bertsio laburrago bat ikastetxez ikastetxe erakusteko asmoa ere badute. 

2015 05 06 itsasoaribegiraaurkezpena1

2015 05 06 itsasoaribegiraaurkezpenamahaian

Sanbartolomeak2019

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza