Gizartea

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2018 07 12 marea urdina elgoibar andonegiAutismoa duten pertsonen inguruan sentsibilizatzeko asmoz asteburuan egin duten itsas zeharkaldian parte hartu du Roberto Andonegi elgoibartarrak (Eibar, 1955). Gipuzkoako kostalde osoa zeharkatu du Marea Urdinak, 64 kilometro, hasi Saturraranen (Mutriku) eta Hondarribira artekoa, eta igerilariei jarraika joan den ontzia gidatu du Andonegik.

Bizitako esperientzia oso aberasgarria izan dela aitortu du Roberto Andonegik eta une hunkigarri asko bizi izan dituztela. Autismoaren mundua gertutik bizi duten lau igerilariren ekimena izan da Marea Urdina, baina ekimen xume moduan abiatu zenak sekulako oihartzuna hartu du eta azkenerako ehunka lagunek parte hartu dute, batera zein bestera. 70 bat igerilarik egin dute erreleboka zeharkaldi osoa [hamabost lortzeko erronka jarri zuten], baina ikusita parte hartu nahi zutenak gehiago zirela, zeharkaldi herrikoiak ere antolatu zituzten antolatzaileek, Deban, Zumaian, Zarautzen eta Donostiako badian egiteko, eta guztira 500 bat igerilarik parte hartu dute horietan. Baina zenbaki handiagoak mugitu ditu Marea Urdinak. Izan ere, igerilarien taldeari ekimena diruz lagundu duten guztiak eta Marea Urdina zabaltzen jardun diren beste dozenaka eta dozenaka lagun batu behar zaizkie. Horietako bat izan da Roberto Andonegi.

Itsas zeharkaldia jarraitu duen ontziko patroia izan da Andonegi, antolatzaileak, epailea, medikua eta erizaina eraman dituena. Itsasotik bueltan hunkituta hitz egin du bizitakoaz. “Oso esperientzia polita izan da, hunkitu ere egin gara momentu askotan, eta oso lagun talde ona osatu dugu”, esan du. Yateko kapitain eta kabotajeko patroi nagusia da, Karraspio Itsas Turismoa ontziko ugabaza. Itsas irteerak antolatzen ditu Karraspio Itsas Turismoak, baleak eta izurdeak ikustera, arrantzarakoak, nahiz eskaera berezietara egokitutakoak, eta enkarguz jardun da Marea Urdina egitasmoarentzat. Autismoaren gaia, hala ere, gertutik bizi du. Arreba bat du autismoarekin eta ezagun baten alaba batek ere badu, baina esperientzia honek are gehiago sentsibilizatzeko balio izan diola nabarmendu du. Autismoa dutenak gainerakook bezain pertsona izan arren, gure aukeren erdia ere ez dutela bistaratu nahi izan dute ekimen honen bultzatzaileek eta inklusioaren aldeko pausoak eman beharraz ohartarazi. Bat egin du eskaerarekin Andonegik ere. Aipatu du bi egun zoragarri izan direla, nahiz momentu gogorrak ere izan dituzten, itsasoan ordu asko egin dituztelako eta tarte askotan geldirik. Unerik politenak igerilariek elkarri erreleboak emateko momentuak izan direla aipatu du, eta baita kostaldeko herrietan egin dizkieten harrera beroak ere, bereziki Oriokoa eta Hondarribikoa.

2018 07 12 marea urdina elgoibar andonegi itsasontzian
Aritz Orbegozo izan da ontzian Robertorekin joan den antolatzaileetako bat. Orbegozok 10 urteko semea du autismoduna eta esker oneko hitzak izan ditu ekimen honetan parte hartu duten guztientzat: “Aurreikuspen onenak ere aise gainditu ditugu. Ekimen honekin zarata pixkat atera nahi genuen, gizartea autismoaren inguruan sentsibilizatu, baina bi egun hauetan egin nahi genuena lortua geneukan askoz aurretik, aurkeztu ginenetik sekulako babesa jaso dugulako eta guk uste baino dezentez oihartzun handiagoa hartu duelako honek”.

BARREN 25 urte

BARREN 25 urte

GUREAN.EUS

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza