Hesi arkitektonikoak kentzeko munduari buelta ematen ari da Jose Irala Vidal gurpildun aulkian

Barren.eus 2018ko uzt. 5a, 16:49

Bilbotik Elgoibarrera iritsi berria da Jose Irala Vidal (Huelva, Espainia 1967), hesi arkitektonikoak kentzeko gurpildun aulkian munduari buelta ematen ari den gizona. Distrofia muskularra diagnostikatu zioten 4 urte zituela eta gaitzak gurpildun aulkira eraman du. Epilepsia arazoak ere baditu eta minbizia ere diagnostikatu diote geroztik. Gaur 51 urte ditu eta 25 urte zituenetik alderrai dabil, "borrokan".

"Emaztea nuen familia bakarra eta bost hilabeteko haurdun zegoela hil zen. Bera zen neukan guztia eta hura hil zenean erabaki nuen zer galdurik ez nuela eta nire egoeran zeudenen errealitatea bistaratzeko ahaleginak egin behar nituela". Bera bezala mugitzeko ezintasuna dutenenek egunero bizi duten sufrikarioa azaleratzea beste helbururik ez du. "Hesiz beteta daude bazterrak. Gurpildun aulkian gaudenok arazo larriak ditugu leku askotara iristeko eta horrek bigarren mailako herritar egiten gaitu. Eskubidez dagokiguna eskatzen dut, ez gehiago", adierazi du.

Jubilatuen Egoitza aurrean batu gara harekin. Pentsiodun batekin hari da solasean. Ez dauka Jubilatuen Egoitzara gora igotzeko aukerarik, motorra ez delako igogailuan sartzen, eta emakumeak behera jaitsi dio kafesnea. "Jende ona badago bazterretan. Urte guzti hauetan milaka ezagutu ditut, baina laguntzeko baliabideak dituztenek ez naute ikusten. Agintari bakar bat ez da jarri nirekin harremanetan denbora guzti honetan".

Europa osoan ibili da, baita Afrikan eta Ameriketan ere, eta jendeak emandakoarekin bizi dela dio. Orain ere badu laguntasun premia. Neguko arropa ondo etorriko litzaiokeela esan du, kalean hotz handia pasatzen duelako gauetan. Motorreko bateria azkenetan dauka eta hura kargatzeko laguntza ere eskatu digu, aurrera egiteko. "Donostiara iritsi nahiko nuke, handik Hendaiara joan eta Pirinio guztiak zeharkatuta Junquerara iristeko". BARRENek Udaltzaingora bideratu du, baina bidean bateria arnasestuka ari da. Gabi jatetxekoek eskaini diote argindarra eta han utzi dugu, bateria kargatzen. "Lehen ere esan dizut jende ona bazter guztietan dagoela eta eskerrak eman nahiko nizkie kafesne beroa eskaini didan emakumeari, jatetxe honetako ugazabari eta udaltzainei. Jarri mesedez zure oharrean". Ezer ez du erraza bere egoeran. "Dena da traba eta kalean bizitzea gogorra da oso. Morfina hartzen ari naiz eta pardelak behar ditut egunerokoan. Nik ez dakit nondik ateratzen dudan indarra ere. Saiatu nintzen neure burua hiltzen ere, baina gaur, pozten naiz lortu ez izanaz. Kalean, baina, denetarik sufritu dut. Lapurretan egin didate eta bortxatzen ere saiatu dira, baina jarraituko dut, zer galdu handirik ez dudalako. Nire egoeran daudenek etorkizun hobeagoa izatearekin amesten dut eta ez dut etsiko norbaitek jaramon egin arte".

Gaur Elgoibarren pasatuko du gaua eta bere asmoa bihar errepidez Donostiarantz abiatzea da.