Zuzendaritza berria hasi da lanean Elgoibarko Erretiratuen Elkartean

Barren.eus 2018ko eka. 27a, 09:20

Elgoibarko Erretiratuen Elkarteak egin berri du urteko batzarra eta zuzendaritzan aldaketa egin dute. Zortzi urtez lanean aritu den taldeari 14 laguneko talde berri batek hartu dio lekukoa. Kudeaketa berritzea beren asmoa eta gaur eguneko ekintzak mantendu arren berriak antolatzen ere saiatuko dira hemendik aurrera.

Zuzendaritza berriko kide gehienek 60+ ekimenean dihardute eta badira Haizea elkarteko emakumeak ere. Anton Gurrutxaga da presidente berria eta Mari Jose Garcia presidente ordea, Pedro Mari Andonegi idazkaria eta Elias LarraƱaga diruzaina. Gainontzeko ordezkariak honakoak dira: M. Isabel Aizpurua, Jose Rodriguez, Mila Sorazu, Pepi Calleja, Koro Fernandez, Pili Martinez, Regina Arrieta, Arantxa Narbaiza, Juan Manuel Sanchez, Arantxa Narbarte eta Marina Garcia.

Beren helburu nagusia elkartearen kudeaketa berritzea da, beti ere orain arteko ekintzak mantendu eta berriak antolatuz. Esaterako, gaur egun jende asko prentsa irakurtzera edo karta jokora joaten da elkarteak King-Kong eraikinean duen lokalera, dantzaldiak ere egiten dituzte, baita San Bartolome jaietan bazkaria ere. Horiek hemendik aurrera egiteko asmoa izan badaukate, baina saiatuko dira beste ekintza osagarriak ere antolatzen. Orain arte, adibidez, irteerak edo bidaiak Espainian egin izan dituzte, baina badira Espainiatik kanpora egiteko interesa azaldu dutenak ere, beraz, hori da besteak beste aztertuko duten gaietariko bat.

Bestalde, kontuan hartuta orain dela gutxi erretiroa hartutakoak eta adinez nagusiagoak daudela elkartean, horri ere erreparatuko diote kudeaketa egiteko eta aldaketetarako orduan. Izan ere, sartu berri direnak gazteagoak dira. Gaur egun 1.200 bazkide ditu elkarteak eta zuzendaritza berrikoen ustez, Elgoibarren tamainako herri baterako gutxi da hori. Beraz, ahaleginduko dira elkartera erretiratu berriak erakartzen.

Astean bi egunetan egongo dira egoitzan zuzendaritzako kideak, astelehen eta ostiraletan 11:00etatik 12:00etara erretiratuek eskaeraren bat egin edo zalantzaren bat argitu nahi izanez gero haiengana joateko. Dena dela, zuzendaritzako boluntarioak lanean hasi berri direnez, oraindik bileretan dihardute martxa hartzeko eta erretiratuei ahal dutena eskaintzeko.

Hala ere, hasi dira elkarteko kide berriak ekintzen ardurak hartzen. San Bartolome jaietako bazkarirako izena eman nahi dutenek horretarako aukera dute jadanik. Ordezkariak astelehen, asteazken eta ostiraletan egongo dira 11:00etatik 12:00etara bulegoan.