Emakumeen kontrako indarkeria matxistaren prebentziorako programak sustatuko dituzte Elgoibarko ikastetxeetan

Barren.eus 2018ko eka. 21a, 17:18

Elgoibarko Udalak eta herriko lau ikastetxek (Herri Eskola, Institutua, Ikastola eta IMH) emakumeen kontrako indarkeria matxistaren prebentziorako hitzarmenak sinatu dituzte, hainbat proiektu eta egitasmo finantzatzeko.

Guztira, 13.306 euroko diru-laguntza emango die Udalak ikastetxeei. Hitzarmenaren sinadura ekitaldian Ane Beitia, Elgoibarko alkatea; Sebas Larrañaga, Elgoibar Ikastolako zuzendariordea; Raquel Aguirre, Herri Eskolako zuzendaria; Iñaki Odriozola, BH Institutuko zuzendaria eta Ixaka Egurbide, IMHko zuzendaria izan ziren (goiko argazkian). Ane Beitiaren berbetan proiektu hau ikastetxeen arteko elkarlanean oinarritzen da, eta Elgoibarko ikasleen artean, “tratuonen” kultura sortzeko eta mota guztietako indarkeria matxistak arbuiatzeko helburua du. "Hainbat ikastetxetan, 6 urte baino gehiago daramatzate proiektu hau garatzen; eta beste batzuetan, berriz, orain hasi dira txertatzen", esan du Beitiak.

Diru-laguntza hau Elgoibarko Udaleko Berdintasun sailetik bideratu da, betiere, Herri Eskola, Institutu, Ikastola eta IMHrekin adostutako hitzarmenak garatzeko.