Elgoibar eta Mendaro zeharkatuko ditu erabakitzeko eskubidearen aldeko giza kateak domekan

Barren.eus 2018ko eka. 8a, 09:28

Eskutik heldu eta Donostia-Bilbo-Gasteiz ibilbidea osatzera deitu du Gure Esku Dago-k domekarako. 202 kilometroko giza katea izango da, eta, zapiak jende artean direla, gutxienez ehun mila lagun behar dituzte katea osatzeko. Elgoibartik eta Mendarotik ere pasatuko da katea, eta azkeneko momentura arte egongo da izena emateko aukera. Jai handia izango dela aurreratu dute antolatzaileek.

Gaur lau urte Durango eta Iruñea arteko giza katea osatu zuen Gure Esku Dago-k, eta 150.000 lagun mobilizatu zituen. Orain, baina, erronka handiagoa du, domekarako proposatu duen ibilbideak ia 80 kilometro gehiago dituelako [202 kilometro] eta bete egin behar direlako. 84.000 herritarrek eman dute izena dagoeneko, baina Gure Esku Dago-k egingarri ikusten du erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katean 100.000 lagun biltzeko xedea lortzea.

• Izenemateek nabarmen egin dute gora
Elgoibartarrak eta mendaroarrak Bergaran batu zituen giza katea arrakastatsua izan zen, baina orduko ilusio-giroa apalduta igarri dute herri batzordeetan lanean jardun direnek oraintsu arte. Boluntarioek aitortu dute giza katerako lanean hasi zirenean termometroak ez zuela duela bost urteko berorik markatzen eta saretu-kopuruak nahi baino mantsoago egiten zuela gora, baina azkeneko aste eta egunotako kontua oso bestelakoa da. Eguna gerturatu ahala, berotuz joan dira herritarrak eta izenemateek nabarmen egin dute gora. Eta orain bai, orain, domekakoa “handia” izango dela esateko moduan daude. Horixe azpimarratu zuen Angel Oiarbide Gure Esku Dago dinamikako bozeramaileak ere eguenean, Eibarren, Gipuzkoako kilometro arduradunek egin zuten batzarrean. “Giza kapital izugarria daukagu, eta kapital hori martxan jartzen denean herri hau geldiezina da. Igandeko giza katearen helburua zera da: euskal herritar gehien dauden eremuetara Gure Esku Dagoren energia, ilusioa eta konplizitatea eramatea”.
Kontuan hartzeko oharrak
Domekakoa festa handia izango dela aurreratu dute Elgoibarko eta Mendaroko herri batzordeetatik, baina erronka handiak antolakuntza handia eskatzen duenez, kontuan hartu beharreko hainbat ohar ere zabaldu dituzte. Garbi utzi dute herritarren segurtasuna lehenetsiko dutela beste edozeren gainetik, eta horretarako peto horia jantzita ibiliko diren boluntarioei kasu egiteko eta pazientzia izateko eskatu dute. Azpimarratu dute oso garrantzitsua dela esandako orduak betetzea eta baita, jakina, zaborrak batzea ere. Era berean, esker on hitzak ere izan dituzte ekimena babestu eta antolakuntza lanak erraztu dizkieten guztientzako: bi udalak, udaltzainak, boluntarioak... “Denok izan gara eta gara beharrezko, erronka hau gauzatzeko eta erabakitzeko eskubidea egikaritzeko”.
Hona, hemen, orain, herri bakoitzari dagozkion zehaztasunak:
Elgoibar
 Elgoibarrek bi kilometro osatzeko erronka du domekan, Melitonen hasi eta Sigmara arteko zatia (katea herri barrura sartuko da), eta gutxienez 900 lagun dituzte saretuta horretarako. Horrez gain, baina, beste hainbat kilometroren ardura ere hartuko dute elgoibartarrek (guztira, sei kilometrorena). Tolosatik, Altzotik, Belauntzatik, Gaztelutik, Leaburu-Txaramatik, Lizartzatik eta Orexatik datorren jendetza ere zuzendu beharko dute. Guztira, 35 bat autobus. Horregatik, antolakuntzakoek hainbat argibide eman dituzte egunari begira. Batetik, 10:30erako herriko hainbat puntutara agertzeko deia egin diete saretutakoei. Puntuak honako hauek dira: Herriko Antzoki parea, Maala, Kalegoen plaza, eta Santa Anako zubia. Puntu bakoitzean arduradun bat egongo da, eta hark emango dizkie azalpenak. Bakoitzak non egon behar duen garbi duenean, tarte bat hartu ahal izango du, baina 11:30erako esandako lekuan egon beharko du. 12:00etatik 12:30era osatuko da katea.
Giza katerako izenik eman ez dutenek egunean bertan ere izango dute horretarako aukera, Maalan, Kalegoen plazan eta Santa Ana kalean jarriko dituzten mahaietan. Kamisetak, baina, Kalegoen plazako postuan bakarrik erosi ahal izango dira. Giza katea bukatu osterako plana ere proposatu dute Elgoibarko herri batzordekoek. Eibarren egingo den jaira deitu dute. 13:00etatik aurrera erromeria egongo da Eibarko Untzaga plazan, Parrapas taldearekin, eta ondoren, herri bazkaria. Bazkaritarako txartelak Deportibo eta Buenos Aires tabernetan eskuratu daitezke. Bazkalostean, La Basu eta Koban taldeen kontzertuez gozatzeko aukera izango da.
Mendaro
 Giza kateko 60. kilometroa osatzea dagokio, Intxarbakuntzako aldapan hasi eta Lanbi enpresara artekoa, baina baita 58 eta 59. kilometroak osatzera Billabonatik, Adunatik, Alkizatik, Asteasutik, Larrauldik, eta Zizurkilditik datozen lagunak eta Mendarotik Debara arteko kilometroak osatzera datozenen autobusak zuzentzea ere ( 45 bat). Asteleheneko datuen arabera, Mendaron bertan 320 bat lagun zeuden katerako izena emanda, baina bai gaur eta baita domekan ere izango da horretarako aukerarik. Gaur, ostirala, mahaia jarriko dute plazan herri batzordekoek, 18:00etatik aurrera, eta egunean bertan, 9:30etik aurrera, udaletxe azpian izango dira materiala saltzen eta izenak hartzen. Izena emandako guztiei 11:00etarako Urkunde enpresaren aurrean batzeko eskatu diete, handik jendea dagokion lekura zuzentzeko. Giza katea osatu ostean, elkarrekin bazkalduko dute frontoian, aurrez tiketa erositako guztiek, eta herriko hainbat lagunek girotuko dute bazkalostea. Bertsoak, dantza eta musika izango dira osagai nagusiak.

∞Lotura duten albisteak: