Tamaina handiko hondakinen birziklatzea eta Garbiguneen erabilera hobetzeko kanpaina hasi du Mankomunitateak

Barren.eus 2018ko eka. 6a, 17:52

Debabarreneko Mankomunitateak informazio liburuxka baten 34.000 ale baino gehiago banatu ditu eskualdean, gogorarazteko badela doako bilketa zerbitzu bat edukiontzietan sartu ezin diren hondakin guztientzat. Era berean, Hiri Hondakinak gaika biltzeko zerbitzua arautzen duen ordenantza behin-betiko onartua gelditu da.

Debabarrenako Mankomunitateak jakinarazi duenez, tamaina handiko hondakinen kudeaketa egoki batek eragin handia du euren birziklatzean, eta gainera kaleak garbi edukitzen laguntzen du. Horregatik, eta tamaina handiko hondakinen birziklatzea hobetzeko, Debabarreneko Mankomunitateak informazio liburuxka baten 34.000 ale baino gehiago banatu ditu Mankomunitateak zerbitzua eskainzten duen eskualdeko zortzi herritan.

Mankomunitateko presidente Arcadio Benítezek zera adierazi du: "Garbiguneek ez dute beste ezein bilketa motarik ordeztuko. Aitzitik, Mankomunitateko birziklatze-politikak indartzea eta herritarrek zeregin horretan parte hartzeko aukera erraztea dute helburu".

Tamaina handiko hondakinak Garbigunera eraman daitezke, astelehenetik barixakura, eta zapatu goizetan. Goizeko ordutegia honakoa da: 9:04tik 12:56ra; arratsaldetakoa: 16:04tik 18:08ra.

Garbigunera joateko aukerarik ez dutenek tamaina handiko hondakina kalean laga dezakete, 20:30etik 21:30era, edukiontzien alboan, baina aldez aurretik honako telefono zenbaki honetara deitu beharko dute: 943 700 799. Aldez aurretik deitzea oso garrantzitsua dela ohartarazi dute, bilketa-zerbitzuko langileek jakin dezaten tamaina handiko hondakin hori non dagoen eta lana antolatu ahal izateko.

Objektuak ondoren adierazten diren egunetan baino ezin dira utzi, bestela objektuak bide publikoan egongo lirateke eguna joan eguna etorri. Udalerri bakoitzarentzat adierazitako egunak honako hauek dira:

  • Astelehenetan, Mallabia, Ermua eta Eibarren
  • Ostegunetan, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Deba eta Mutrikun.

Obretako hondakinak, altzariak, etxetresna elektrikoak eta etxeko bestelako gauzak bide publikoan utziz gero, aldez aurretik 943 700 799 telefono-zenbakira deitu gabe eta bilketaeguna ez den beste egun batean eta 20:30ak baino lehenago, isun bat jaso ahal izango da.
• Ordenantza behin betiko onartua
Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatearen Batzar Orokorrak behin betiko onarpena eman zion Hiri Hondakinak gaika biltzeko zerbitzua arautzen duen ordenantzari, maiatzaren 16an egindako ohiko bilkuran.