Sigmako auzotarrak ospakizun bazkari bat egiteko batuko dira berriro ere

Barren.eus 2018ko eka. 5a, 12:06

Sigmako eskolak 50 urte bete zituen 2012an, eta horren harira, ospakizun jaia antolatu zuten zenbait auzotarrek duela bost urte. Aurten berriro batzea erabaki dute eta goiz osoko egitaraua prestatu dute uztailaren 28rako.

Aspaldiko lagun eta ezagunak berriz ikusteko elkargunea izango da Sigma auzoa uztailaren 28an. Sigmako eskolan ibilitakoek eta Estarta y Ecenarro enpresan lan egin eta auzoan bizi izandakoak bazkari baten bueltan batuko dira egun horretan. Goiz osorako egitaraua prestatu dute. Dultzaineroen dianarekin eta erraldoiekin hasiko dute eguna, 10:00etan. Gero, parte hartzaileak elkartu eta bakoitzak bere oroigarria jasoko du. Elizkizuna egingo dute ondoren, Sigmako elizan (11:30). Umeentzako jokoek ere izango dute lekua eta trikitilarien doinuek girotuko dute goiza. Luntxa egin ostean, taldeko argazkia aterako dute gero, 13:30ean. Bazkaria frontoian izango da, 14:30etik aurrera. Hona bazkaritarako menua: entsalada mistoa, otarrainxkak, zapoa parrilan erreta, txahalaren saihetsa eta pasteltxo aukera.

• Izena emateko

Interesatuek 47 euro sartu beharko dituzte Laboral Kutxako kontu korronte honetan: ES97 3035 007 21 0071135348. Izena emateko azken eguna uztailaren 10a izango da.
2013an egin zuten ospakizun bazkarian 241 lagun batu ziren. Sigmako eskolan ikasi zuten auzotarrak, auzoan bizi ziren jubilatuak eta Olaso, Lauko eta Aitz Bizkar baserrietako familiak batu ziren duela bost urteko Santiago Egunean.
Sigmako eskola
1962ko irailean inauguratu zuten Sigmako eskola. 4. mailara arteko ikasketak eskaintzen zituzten han, eta auzoko ume gehienek han egiten zituzten oinarrizko ikasketak. 1983an itxi zituzten betirako eskolako ateak, eta gaur egun auzotarren aisialdirako erabiltzen dute eraikina. Sigmako eskola martxan egon zen 21 urteetan 450 ume baino gehiagok ikasi zuten han.

Herri txiki bat Elgoibar barruan
1920an sortu zuen Eulogio Estarta elgoibartarrak Estarta y Ecenarro enpresa. Erreminta makinak eta Sigma josteko makinak egiten zituzten, eta azken produktu horri lotuta, Sigma izena hartu zuen enpresak herrian. Eta enpresari lotuta jaio zen Eulogio Estarta Sigma auzoa bera ere. Enpresako langileentzako etxeak eraiki zituzten enpresatik Eibar alderantz zegoen berdegune batean, ekonomatoak jarri zizkieten erosketak egiteko; bata, auzoan bertan eta, bestea, Antonio Arrilaga kalean, eliza zeukaten, frontoia, soziedadea eta baita eskola ere. 162 bat etxetan, 500 lagunetik gora bizi ziren. Azken batean, herri txiki bat zen orduko Sigma Elgoibar barruan.
Sigma enpresa oso garrantzitsua izan zen Elgoibarren. Ia 1.400 langile izatera iritsi zen, hamar-hamabi bat mila biztanleko herrian: “Eta txanda bakarrean! Langile guztiak batera joaten ziren lanera eta denak batera irteten ziren. 90eko hamarkadaren hasieran itxi zuten betirako enpresa. (informazio osoagoa BARREN aldizkariaren 867. zenbakian -PDF-)

Lotura duten albisteak: