Gure Esku Dagok egingo duen giza katerako 90 bat autobus espero dituzte kanpotik, Elgoibarren eta Mendaron

Barren.eus 2018ko mai. 17a, 13:08

Atzera kontaketa hasi du Gure Esku Dagok. Hilabete eskas falta da ekainaren 10eko giza katerako, eta herri batzordeetakoak gogor ari dira lanean.  Kanpoko herrietatik jendetza handia espero da egun horretan. Mendaron, esate baterako, 50 bat autobusek aparkatuko dute, eta Elgoibarren, beste 40 bat autobusek aparkatuko dute.

Elgoibarrek bi kilometro osatzeko erronkari heldu dio, eta horretarako 1.000 lagun saretu nahi dituzte. Mendarori, berriz, kilometro bat osatzea dagokio, 60.a, eta bere egin du 500 lagun biltzeko erronka. Dagoeneko saretu dituzte 154 lagun. Kilometro horietarako jendea inguratzeko arduraz gain, baina, gure bi herrietako herri batzordeetakoek beste hainbat kilometroren ardura ere hartuko dute, kilometro hartzaile diren heinean. 

• 5.000 lagun inguru kanpotik

Kanpoko herrietatik jendetza handia espero da egun horretan Elgoibarren eta Mendaron. Mendaron, esate baterako, 50 bat autobusek aparkatuko dute, eta Elgoibarren, beste 40 bat autobusek aparkatuko dute. Autobus guzti horietan 5.000 lagun inguru etorriko dira Elgoibarrera eta Mendarora. Giroa, beraz, ziurtatuta dago. 

  • Lanbi parean hasi eta ia txatarreri arteko zatiaren ardura hartuko dute mendaroarrek. Tarte horretan, Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul, Zizurkil eta Billabona herrietakoek osatuko dituzte giza katearen bi kilometro, Mendaroko txokolateri paretik Deba alderakoak, eta mendaroarrek bestea, txokolateri paretik Lanbi enpresara arteko zatia. Errepide nagusian osatuko da giza-katea, eskuineko aldetik, baina Arranbide parean herrira sartuko da eta billabonatarrek hartuko dute Azpilgoeta auzoa. Gero, herrirako biribilgunean, giza-katea errepidearen ezkerreko aldera pasatuko da.
  • Elgoibarko herri batzordekoek, berriz, sei kilometroren ardura hartuko dute. 64 eta 65. kilometroak dira elgoibartarrek osatu beharrekoak, baina 62, 63 eta 66. kilometroak betetzera Tolosatik, Altzotik, Belauntzatik, Gaztelutik, Leaburu-Txaramatik, Lizartzatik eta Orexatik datozenen autobusak ere zuzendu beharko dituzte. 

Indarrak jendea saretzean

Orain, baina, giza katerako jendea saretzean jarri dituzte indarrak. Saretzeko pertsonako bost euro ordaindu behar dira eta diru hori ekimena finantzatzeko izango da. Mendaron, mahaia aterako dute barixakuan (maiatzak 19) plazara eta zapatu eguerdian ere egongo dira, izenak hartzen eta materiala saltzen. Elgoibarren, berriz, maiatzaren 25ean eta 26an aterako dute mahaia kalera. Hilaren 25ean, Maalan izango dira, 17:00etatik 20:00ak bitartean, eta hilaren 26an, Kalegoen plazan, 12:00etatik 15:00etara. Bitartean, Tantaka tabernan eta Kala eta Txilarre dendetan ere badago izena emateko aukera. Saretu kopuruak gora egiten duela erakusteko, plazan termometro bat jartzeko asmoa ere badute.

∞Lotura dutenb albisteak: