Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartearen aldeko diru bilketa egingo dute Elgoibarren, zapatuan

Barren.eus 2018ko mai. 10a, 17:42

AECC Gipuzkoak larunbatean Elgoibarren egingo den urteko diru-bilketan parte hartzera animatu ditu herritarrak. Jakinarazi dutenez, bi mahaitan jasotako dirua elkarteak debalde eskaintzen dituen zerbitzuak ordaintzeko erabiliko dute.

Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak (AECC Gipuzkoa) diru-bilketa egingo du zapatuan (maiatzak 12), Elgoibarko kaleetan. Elkarteak eskualdeko paziente eta senideei eskaintzen dien doako zerbitzuak ordaintzeko batu nahi dute dirua. Bi gunetan jarriko dituzte mahaiak, Kalegoen plazan, Ipintza denda aurrean, eta King-kong (San Frantzisko 21) aurrean. 10:00etatik 14:00etara egongo dira.
• 257 bazkide elgoibartar
Duela bi urte ireki zuten Eibarren Debabarrenari zerbitzua ematen dion bulegoa. Ardantza kaleko 11 zenbakian daude. Elkarteko arduradunek jakinarazi dutenez, Debabarrena eskualdekoak diren 1.029 bazkide dituzte, eta horietatik 257 elgoibartarrak dira. Bazkideez gainera, 80 boluntario ditu elkarteak. Horietako batzuk dira zapatuko diru bilketan arituko direnak. Aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkie elkarteak, eta baita Elgoibarko Udalari ere.
Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak hainbat ikerketa proiektutara bideratu zituen 2017an, gipuzkoarrek emandako 1.101.013 euro. "Horietako bat, Jesus Bañalesek, Biodonostian gibeleko tumore mota batek sortzen dituen eragin kaltegarriak gutxitzeko ikerketara", zehaztu dute.

∞Lotura duten albisteak: