Iban Fernandezek eginikoak errefuxiatuek bizi duten egoeraren inguruko kontzientziazioan eragiteko, edo haien aldeko ideia berriak izaten laguntzeko inspirazio iturri moduan, balio dezakeela uste dute 2dean taldekoek eta dokumentalaren egile Julen Ansola Iruretak, eta horregatik jarri du ikusgai Youtuben. "Tamalez, errefuxiatuen egoerak bere horretan jarraitzen baitu, okerrera egin ez badu", zehaztu dute.
Iban Fernandezek Elgoibarko itzulia 27 ordutan lau aldiz egiteko erronka jarri zion bere buruari, baina egitasmoa zabaldu eta 2-dean B-rotuz taldeak errefuxiatuei laguntzeko elkartasun-proiektu bihurtu zuen Fernandezen erronka. Hala, Ibanek egin beharreko kilometro bakoitza (156 kilometro guztira) 25 euroan saldu zituzten, eta batutako dirua Chios irlan (Grezia) salbamendu lanean ari zen Salvamento Maritimo Humanitario Gobernuz Kanpoko Erakundeari eman zioten. Demaseko arrakasta izan zuen deialdiak eta 2016ko maiatzaren 27an egin zuen kirol eronka gainditu ez arren, elkartasun deiak antolatzaileek uste zutena baino emaitza hobea eman zuen, eta 8.000 euro baino gehiago batu zituzten errefuxiatuei laguntzeko.
Iban 2-dean erronka solidarioaren inguruko dokumentala egin zuen Julen Ansolak, eta Morkaikoren mendiko emanaldien barruan estreinatu zuten jendaurrean, 2016ko udazkenean. Harrezgero, dokumentala ez dute beste inon erakutsi eta sarean ikusgai jarri dute orain. Hona hemen bideoa:
∞Lotura duten albisteak
- Julen Ansolak Iban Fernandezen erronkari buruz eginiko dokumentala eskainiko du Morkaikok (2016-11-08)
- 6.300 eurotik gora batu dituzte erronka solidarioaren harira (2016-05-31)
- 232 kilometro solidario saldu dituzte Iban 2-dean erronkan (2016-05-28)
- Ia hiru itzuli osatuta bertan behera laga du erronka Iban Fernandezek (2016-05-28)
- Iban Fernandezek lagunez inguratuta hasi du bere buruari jarri dion erronka (2016-05-27)