Herriko gazteen emantzipazioa errazteko 50.000 euro banatuko ditu Elgoibarko Udalak 

Barren.eus 2018ko api. 18a, 12:55

Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, gazteen adin tartea zabaldu dute etxebizitzak alokatzeko diru-laguntzak izan ditzaten. 18 eta 35 urte bitarteko gazteek eskatu ahal izango dute-laguntza orain, adin tartea 31 urtetik 35 era igo baitu Udalak.

Herriko gazteen emantzipazioa errazteko 50.000 euro banatuko ditu Elgoibarko Udalak. Interesatuek maiatzaren 25erako aurkeztu beharko dituzte eskaerak Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) edota elektronikoki, Udalaren web orrian dagoen Hiritarren Atarian sartuta. 

• Zenbatekoak eta onuradunek bete beharreko baldintzak

Laguntza jasotzeko eskatzaileak gehienez urtean 32.000 euroko diru-sarrera gordina izan beharko du (orain arte, gehienez 25.000 eurokoa zen) eta baldintzak betetzen dituztenek hilean alokairuagatik ordaintzen dutenaren erdia jasoko dute, baina gehienez ere, 250 euro hilean. Eskatzaileek 18 eta 35 urte bitarteko gazte emantzipatuak izan beharko dira, alokairuzko kontratu baten titularrak eta laguntza jasotzailea ezin izango da etxebizitza baten jabe izan. Diru-laguntzak irauten duen epealdian etxebizitzan erroldatu ahal izango dira, kontratuaren titularrak, euren ezkontide edo Erregistroan inskribatutako izatezko bikotea, eta euren kargura dauden adingabeak.

Elgoibarren egon beharko dira erroldatuta, gutxienez eta etenik gabe, bi urteko antzinatasunarekin, edota udalerrian, etenik gabe, bost urtez erroldatuta egon direla egiaztatu beharko dute.

Gazteen eskubideak bermatu eta alokairua sustatu

Elgoibarko alkate Ane Beitiaren esanetan, etxebizitza da Elgoibarko gazteek independizatzerako orduan duten "buruhausterik garrantzitsuenetakoa". Horregatik, administrazioak subjektu aktiboak izan behar dutela adierazi du, eta gazteen eskubideak bermatu eta alokairua sustatu behar dutela. Hirigintza zinegotzi Iosu Arraizen berbetan, aurtengo deialdia berritasun ugarirekin dator. “Diru-laguntza programa honetan sartzeko adin-tartea zabaldu egin dugu 31 urtetik 35era. Honez gain, onuradunen gehienezko diru-sarreren zenbatekoa ere 25.000 eurotik 32.000ra igo dugu. Nobedade guzti hauek, onuraduden esparrua zabaltzea dute xede”, azaldu du. 

• Eskabideak aurkezteko epeak

2018. urteari dagozkion laguntzen deialdirako eskaerak aurkezteko epea, deialdiaren laburpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2018ko maiatzaren 25ean bukatuko da.

Lotura duten albisteak: