Ez errepikatzearen bermeak: memoria, justizia, biktimak, presoak eta herritarren parte hartzeaz berba egingo dute, besteak beste, Jon Mirena Landak eta Paul Riosek. 19:00etan hasiko da saioa gaur (apirilak 17), Inazio Bereziartua musika eskolako auditoriumean. Bizikidetza ereiten izenburupean hiru mahai-inguru antolatu dituzte Elgoibarko Udalak eta Baketik Fundazioak, eta bigarrengoa izango da honakoa.
Hona hizlarien curriculumak:
- Paul Rios. Zuzenbidean Lizentziatua da eta giza-eskubideetan, bakean eta demokrazian aditua. Bere ibilbide profesionala bakearen, elkarrizketaren eta berradiskidetzearen lanari lotua egon da. Lehenik Elkarri aritu zen, eta ondoren, 2006 eta 2015 artean Lokarriko zuzendaria izan zen, erakunde honek bere ibilbideari amaiera eman zion arte. Ordutik, kontsultore autonomo gisa lan egiten du, proiektu sozialetan parte hartuz. Era berean, kolaboratzailea da Columbiako Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak babestutako ikerketa politiko eta sozialetarako Agirre Lehendakaria Centerren.
- Jon Miren Landa. Zuzenbide Penaleko Katedraduna (Akreditatua) da, Euskal Herriko Unibertsitateak duen Zuzenbide Fakultatean: Bizkaiko atalean hain zuzen ere. Era berean UPV/EHU Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren Zuzendaria da (http://www.katedraddhh.eus). Bere ikerkuntza-lerro nagusiak honakoak dira: arrazakeria, xenofobia, diskriminazioa, gorroto-delituak, baita terrorismo eta gizateriaren aurkako delituak ere. Landa irakaslea atzerriko hainbat unibertsitatean ikerlari edota irakasle bisitari egondakoa da: besteak beste Hamburg (2000 DAAD), Heidelberg (2004) eta, azken aldi honetan, Lauterpatch Center for International Law (Cambridge Unibertsitatea UK, 2010,2011, 2012, 2014). 2005ean Vom Humboldt ikerkuntza-beka eskuratu zuen eta 2005eko azarotik 2009ko maiatza arte Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideetarako Zuzendaria izan zen, Justizia Sailean. Egun, ikerkuntza taldeburua da, Espainiako Ministaritzak (I+D+I DER2015-64599-P) finantzaturik, zigorren sistema aztertzen du, bereziki gorroto eta terrorismo delituen alorrean.
∞Lotura duten albisteak: