Deba ibaia oso hazita etorri den azkeneko aldietan Kilimon errekak ibairatzeko arazoak izan ditu, eta halakoetan, urak hartu izan du Garagartza auzoa, urak estoldetatik gora eginda. Hori ikusirik, Mendaroko Udalak klapetak jarri zituen iaz, urari kaleko estoldetarako bidea ixteko. Eta gaur, klapetek bete dute bere lana itxuraz, baina, irtenbidea zirudienak ere badu bere zera, izan ere menditik datorren ura hasi da orain kanalizazioan pilatzen. Ondorioz, Garagartzan, auzoko punturik baxuenean, Trinitate kaleko hirugarren zenbakiaren ondoan, motobonbekin ari dira hodiak husten. Bizilagunek hustu dituzte garajeak eta abarrak, eta beste behin errekari begira pasatuko dituzte ondorengo orduak, eguraldi iragarpenen arabera bihar eguerdira arte gogotik egingo duelako euria.
Alerta laranja aktibatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Gipuzkoan, prezipitazio iraunkorren ondorioz.
12:00etatik 18:00etara bitartean maila horia gainditu du Deba ibaiak Altzolako estazioan, baina emaria gutxitu da gero eta irten egin da arrisku egoeratik. Elgoibarren urak hartu ditu Andikano eta Maltzaga arteko bidegorriko zenbait zati eta Altzola auzoan ere minutuz minutu ari dira jarraipena egiten. Elgoibarko Gurutze Gorria ur-fluxua kontrolatzen ari da.
∞ Lotura duten albisteak:
- Deba ibaia maila laranjara ailegatu da Altzolako estazioan (2017-01-16)
- Deba ibaia gainezka dator eta maila gorria gainditu du Elgoibarren eta Mendaron (2016-02-27)
- Maila gorria gainditu du Deba ibaiak Elgoibarren eta Mendaron (2015-01-30)
- Udalak 262.000 euroko kalteak zenbatu ditu azken euriteen ondoren (2011-11-23)
- 1983ko eta 1988ko ufaletan baino euri gehiago egin du asteburuan Elgoibarren (2011-11-10)
- Asteburuko euriteak 212 litro ur eta kalte ugari laga ditu Elgoibarren eta Mendaron (2011-11-07)