Bizikidetza ereiten izenburupean hiru mahai-inguru antolatu dituzte Elgoibarko Udalak eta Baketik Fundazioak apirilerako, "bakea, bizikidetza eta adiskidetzea sendotzen jarraitzeko" helburuarekin. Elgoibarko alkate Beitiak adierazi duenez, kontziliazioa sozialaren inguruko ideia eta jarreren inguruan hausnartzeko balioko dute hiru saioek. "Elgoibarko Udala kontziliazio prozesu integratzaile baten aldeko apostua ari da egiten, pertsona guztiek beraien ekarpenak egiteko aukera izan dezaten" azaldu du Beitiak.
Emakumeak bakearen eraikuntzan izango da aurrenekoa, apirilaren 10ean. Bertha Gaztelumendi kazetaria eta Maria Gonzalez Gorosarri kazetari eta ikertzailea izango dira hizlariak eta saioa Musika Eskolako auditoriumean izango da, 19:00etan. Hona lehen mahai-inguruko bi hizlarien curriculuma:
- Maria Gonzalez Gorosarri. (Durango, 1978). Zuenbidean eta Kazetarian Lizentziatua da, eta Komunikazioan Europako Doktore da (2011). "Albisteen kalitatea (Research on Basque Media's News Quality)" tesiaren egilea da. Eusko Jaurlaritzatzen doktoratu-aurreko bekari esker. Ikertzaile moduan trebatu da, Alemanian batez ere, Humbolt eta Freieko Unibertsitateetan. Gaur egun irakasle da UPV/EHUn. Kazetari moduan hainbat hedabidetan lan egin du (Durangaldeko Anboton-n, Argia-n, Euskadi Irratiko kolaboratzailea, Gara-ko zutabegilea). Komunikazio ardura eraman du Topagunean, Euskara Elkarteen Federazioan. Faxismoari aurre egin zioten Durangaldeko herritarren bizipenak jasotzeko eratutako Durango 1936ko kidea da. Horren harira, errepresio faxistaren hainbat lekukotza jaso du, Rosario Sanchez Mora Dinamitera milizianarena barne. Hainbat liburu eta artikulu argitaratu ditu, bere ikerketa lerroei jarraiki: albisteen kalitatea edo komunikazioaren testuinguruan.
- Bertha Gaztelumendi, (Irun, 1962) Komunikazio Zientzetan lizentziatua da eta Masterra dauka Bake eta Gatazken Konponbide Ikasketeta, Bradfordeko Unibertsitatean (Erresuma Batua). Gaur egun Giza Eskubidee eta Botere Publikoen Katedran ikerlari kontratatua da. Lau dokumental idatzi eta zuzendu ditu: Mariposas en el hierro, 2012an, euskal gatazkari buruz; Nigar franko egingo zuen aitak, 2014ean, eta Las buenas compañias, 2015ean, Memoria Historikoari buruz, eta Volar, 2017an, genero indarkeriari buruz. ARGITZU, Giza Eskubideen aldeko elkarteko kidea da. Halaber, Euskal gatazkan gertatutako giza eskubideen urraketen inguruan hainbat argitalpen ditu, besteak beste: "Emakumeen kontrako motibazio politikako biolentzia euskal kasuan". ARGITUZ, 2016ko martxoa; "Memoria partekatu baterantz: Errenterian, 1965tik 2012ra izandako giza eskubideen urraketa eta indarkeriazko beste egiteari buruzko txostena". ARGITUZ, 2015eko otsaila; "Zaharrak berri, bizikidetzaren berreskurapena sustatzen duten proiektuak zabaltzeko esku-liburua", Gipuzkoako Foru Aldundia, 2015.
Hurrengo hitzaldiak:
- Apirilak 17, martitzena, (19:00etan, Musika Eskolan): Paul Rios eta Jon Mirena Landak bizikidetzaren alde eginiko lanari buruz arituko dira, gaur egungo erronkak: bermeak berriro gerta ez dadin, memoria, justizia, biktimak, presoak, herritarren parte hartzea, e.a.
- Apirilak 24, martitzena (19:00etan, Musika Eskolan): Laura Prego eta Gema Varonak biktimen aitortza herri mailan nola landu daitekeen aztertuko dute. Nola egin aurrera memorian eta erreparazioan.