Elgoibarren jarri dute abian ‘Etxean bizi’ programa, Gipuzkoan estreinakoz

Barren.eus 2018ko mar. 22a, 08:08

Mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonei zuzendutako Foru Aldundiko Etxean bizi programa pilotua Elgoibarren jarri dute abian, Gipuzkoan estreinakoz. Barixaku honetan egingo dute programaren aurkezpen publikoa, musika eskolan.

Adinekoen bizi-kalitatea ondu eta adinekoek euren etxeetan bizitzen jarrai dezaten bilatzen du programak. Horretarako, erabiltzaileen nahiz haien zaintzaz arduratzen direnenen behar eta lehentasunen araberako osasun eta gizarte arloko arreta integratua bermatu diete. Ikerketa-ekintza bat diseinatu dute hainbat ereduren eraginkortasunari buruzko informazioarekin eta esperientzia Elgoibarren abiarazi dute. Programaren harira administrazioek eta gizarteak duen papera eta erantzukizuna azpimarratu ditu Ane Beitia alkateak: “Gure nagusien ongizatea, guztion ardura da”.
• Aurkezpen publikoa barixakuan
etxeanbizi elgoibarBarixakuan, martxoak 23, 19:00etan, Musika Eskolako auditoriumean, programaren aurkezpen publikoa egingo dute. Ane Beitia Elgoibarko alkateak, Maite Peña Gizarte Politika Diputatuak, Mayte Sancho Matia Fundazioko Planifikazio zuzendariak eta Udaleko Ongizate Zerbitzuko saileko teknikariek azalduko dituzte programaren nondik norakoak eta herritar guztiak gonbidatu dituzte aurkezpen-ekitaldira. Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek eguaztenean azaldu zituzten programa pilotu honen nondiok-norako nagusiak (beheko bideoan ikus dezakezue egin zuten aurkezpena).

• Kalitatezko arreta etxeetan
Gaur egun, Elgoibarko biztanleen %22k 65 urtetik gora dituzte, eta 80 urtetik gora, biztanleria osoaren %8ak. Eustaten arabera, 80 urtetik gorakoak 50.000 baino gehiago dira Gipuzkoan, 2000. urteko kopuruaren bikoitza, eta aurreikusi dute 2031n 68.000 izango direla. Horietatik guztietatik, 25.800 mendekotasuna duten adinekoak izango dira bizi-itxaropena handitzen ari delako. Datuok kontuan hartuta, Elgoibarko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, beharrezkotzat jo dute adineko pertsonei beren etxeetan kalitatezko arreta emateko aukera ematen duten zerbitzuak sustatzea eta indartzea, han ahalik eta denbora luzeagoan jarrai dezaten.