Ehun lagun inguru batu ziren Mendaron Joste Egunaren atarikoan

Barren.eus 2015ko api. 20a, 13:07

Herriko koadrila biren ekimenez, oihalak margotzeko batu ziren zapatuan Mendaron zortzi bat koadrila, ehun lagun inguru. Zapatuan, hilaren 25ean, egingo duten Joste Egunaren atarikoa izan zen. Egun osoko egitaraua antolatu dute zapaturako (argazkiak eta egitaraua dauzka)

Erabakitzeko eskubidearen defentsan San Mames, Anoeta, Buesa Arena eta Iruñeko zezen plaza betetzera deitu du Gure Esku Dago mugimenduak ekainaren 21erako. Herriz herri banatu eta jositako oihal zatiekin hautetsontzi erraldoiak osatuko dituzte egun horretan, baina aurrez, apirilaren 25ean, Joste Egunak ospatuko dituzte herriz herri, baita Elgoibarren eta Mendaron ere. Egun “koloretsua” izatea nahi dute Gure Esku Dago batzordeetako lagunek, eta parte hartzera deitu diete herritarrei, etiketak alde batera laga eta bidea elkarrekin egiteko garaia dela sinetsita.

Mendaron, datorren zapatuko Joste Egunerako oihalak margotzen eta prestatzen aritu ziren ehun bat lagun inguru, joan den zapatuan, San Jose plazan. Herriko koadrila biren ekimenez, oihalak pertsonalizatzen aritu ziren ume zein nagusi, eta lagunarte giro bikaina sortu zela adierazi dute. (beherago ikus ditzakezue argazkiak)

• Egun osoko egitaraua Mendaron

2015 04 20 josteegunamendarokartelaEgun osoko egitaraua antolatu dute Mendaron Joste Egunerako -apirilak 25-. 12:00etan ekingo diote ospakizunari, Bizi-Poza txarangarekin. Gure Esku Dagoren kantua joko du estreinakoz Bizi-Pozak, jairako espresuki, eta ondoren, kantu-kalejira egingo dute, herriko trikitixa taldekoekin eta abesbatzako neskekin. Ondoren, herri bazkaria izango da frontoian, 14:30ean, eta bazkalostean dantzarako ordua izango da. Dantza modernoa ikasten diharduten ikasleak igoko dira oholtzara, eta haren ondoren, 18:00etatik 21:00ak bitartean, erromeria izango da Dantzadi taldearekin.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bazkaritarako txartelak salgai daudela, 13 euroan. Coviranen, Txirristakan eta Morroskillon eskura daitezke, egaztena baino lehen. Kamisetak ere jarriko dituzte salgai ekainaren 21erako antolatu duten jaian. 

ARGAZKIAK: