Urteko Bidaiaren Saria eman dio Espainiako Geografia Elkarteak Incognita Patagonia espedizioari

Barren.eus 2018ko mar. 5a, 11:53

Sari berri bat jaso du Incognita Patagonia proiektuak, hiru lagunek -tartean Eñaut Izagirre elgoibartarrak-, Txileko Patagonian esploratu gabeko lur eremuetan egin zuten espedizioak. 2017ko Bidaia Onenaren Saria eman dio Espainiako Geografia Elkarteak.

Eñaut Izagirre geografo elgoibartarrak, Ibai Rico gasteiztarrarekin eta Evan Miles estatubatuarrarekin batera, Txileko Patagoniako Hoste uhartean, esploratu gabeko lur eremuetan egin zuten espedizioa saritu du Espainiako Geografia Elkarteak, urtero banatzen dituen sarietan.

Joan den eguenean egin zuten sari banaketa Madrilen, Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroaren parte hartzearekin. Bidaiari, ikerlari, enpresa zein erakundeek geografia ezagutzak handitu eta zabaltzeko eginiko lanari aitortza egiten diete sari hauetan; eta, baita ikerkuntza, zientzia, kazetaritza eta kulturarentzako baliagarriak diren bidaia proiektuei babesa eman ere. Sarien hogeigarren edizioa izan den honetan, Urteko Bidaia Onenaren saria jaso du Incognita Patagoniak, eskalada, esplorazioa eta zientzia bateratu zituen proiektuak.
Berrogei egunez belaontzi bat babesleku zutela, Hoste uharteko glaziarren eta izotzen atzerakada konfirmatu zuten Incognita Patagonia espedizioko kideek, eta inguruko estazio meteorologikoen sarea martxan jartzeko tartea hartu zuten. Aurrekoez gainera, inork zapaldu gabeko tontorretara igo ziren Miles eta Rico. Geografia elkarteak nabarmendu du esploratu gabeko Cloue Izotz-eremua zeharkatu eta kartografiatu zutela, bidean topatu zituzten arrakalak, ertzak, fiordoak eta kostalde guztia ikertuz. "Benetako esplorazioaren osagai guztiak batu dituen abentura izan zen: mapak, izotza, belaontzi bat, klima aldakorra, eta hurakan haizeak".

• Sari banaketa ekitaldiko bideoa

Sari banaketa ekitaldiko bideoan ikus dezakezue Eñaut Izagirrek eta Ibai Ricok saria jaso zuten unea. Viggo Mortensen aktore ezagunak berea jaso ostean, hain justu ere. Izagirrek eta Ricok Eduardo Matinez de Pison geografo eta idazlearen eskutik jaso zuten saria.
Honakoa ez da jaso duten aurreneko saria, FEDME Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioaren sarietan ere jaso baitzuen saria Incognita Patagoniak.

incognita patagonia saritua sociedad geografica ministroagaz

incognita patagonia enautizagirre 2016 Cloue09 1030x686