San Pedro elkartetik jakinarazi dutenez, herritar guztiak daude txarriboda bazkarira gonbidatuta. Zapatu honetan izango da, 14:30ean. Izena emateko honako telefonora deitu behar da: 616 524 106 (Amaia). 25 euro ordaindu behar dira txorizoa, odolkiak, saiheskia, solomoa eta beste zenbait txerrikiz osatuta egongo den bazkarian parte hartzeko.
Sasoi batean auzoan egiten zen txarriboda bazkaria berriz antolatzea erabaki zuten zenbait auzotarrek orain dela bost urte.
Garai batean, azaroaren 11n, txarriboda egin ohi zen Euskal Herriko baserri gehienetan, eta jai eguna ere izaten zen txerria hiltzeko eguna hainbat tokitan. Txerria hil eta negu osorako haragia eta hestebeteak lortzen baitzituzten. Familian elkartu eta odolkiak prestatu ohi ziren, besteak beste. Euskal Herriko baserrietan ia guztiz galdu den usadioa da txerribodarena. Izan ere, osasun bermeak direla-eta, gaur egun txerria ezin da baserrietan hil, ezta txorizoak eta odolosteak bertan egin ere, baimendutako harakin batek egin ezean.