Azkar urtu da azken urteetako elurterik handiena

Barren.eus 2018ko ots. 28a, 21:55

Aspaldian ez bezala zuritu ditu elurrak Elgoibarko eta Mendaroko kaleak, gaur goizean. Elurrak arazoak eragin ditu bi herrietan, garraioan batik bat, baina azkar konpondu dira, pilatutako elurra, -10 eta 15 zentimetro artean-, azkar urtu baita. Elur denborale indartsua baina motza izan da.

Eguraldiaren iragarpena bete-betean asmatu dute. Goizaldean hasi du elurra eta goizeko lehen orduetan mara-mara egin du, beheraino. 10:00ak inguruan, baina, atertu egin du, eta eguerdirako urtzen hasia zen bazter guztiak zuriz jantzi dituen elur geruza. Izan ere, eguzkia atera da eta tenperaturak nabarmen epeldu dira, iragarpenak abisatu bezala. Elurra ez da geratzeko etorri oraingoan.

Errepidean hainbat arazo eragin ditu elurrak eta Mendaro eta Elgoibar artean auto bat bat baino gehiago gelditu da ez atzera ez aurrera kateatuta. Oinezkoek ere zail izan dute gaur herriko kaleetan ibiltzea, elurra beheraino egin baitu. Kaleak garbitzen eta gatza botatzen jardun duten udal langileentzak lan handiko goiza izan da.

Elurrak Elgoibar eta Mendaro nola zuritu dituen ikusteko hona argazki bilduma, arazoak arazo, elurra bistarako gozagarri baita askorentzat. Bistarekin bakarrik ez, beste batzuek snow taula gainean gozatu dute elurraz Mendaroko kaleetan, goiko bideoan ikus daitekeen moduan.

elurra mendaro panpina

elurra elgoibar mintxetan

elurra elgoibar garbitzen