Hondakinen bilketa sistema berria ezartzeko prozesuaren balorazio "guztiz negatiboa" egin du EHBilduk

Barren.eus 2018ko ots. 27a, 19:45

EH Bilduren ustez, Elgoibarko Udalaren eta Debabarreneko Mankomunitatearen jokaerak kolokan jartzen ditu hondakinen gaikako bilketa sistema berriaren onura guztiak. Berandu baino lehen, "premiaz", neurri zuzentzaileak hartzeko eskatu dute.

Hondakinak batzeko sistema berriaren balorazio "guztiz negatiboa" egin du EHBilduk. "Aurreikusita dago hondakinak ondo edo gaizki banatzeak ondorio ekonomikoak ekarriko dituela, eta hondakinak gaizki bereizi eta botatzen dituztenek gehiago ordaindi beharko dutela. Kontua da horren ardura mankomunitateari uzten zaiola, eta kontuan hartuta Udala dela kobratzen duena, ez dugu uste pedagogia egiteko eta erabilera zuzena sustatzeko bide zuzenena denik. Udalaren azken adierazpenak ez diaz behintzat bide horretatik: 'amaitutzat ematen da orain arte martxan zegoen hobari eta zigorretan oinarritutako sistema'".
Herritarrek hondakinak behar bezala ontziratzen dituzten jakiteko modu ia bakarra izango dela ere salatzen du EHBilduk, organikoak eta errefuxa batzeko edukiontziek duten txip bidezko sistema, alegia. "Arazoa da, hainbat tokitan mantendu egingo dituztela errefuxarako gaur egun dauden lurpeko ontziak, handiak eta txip gabeak. Hori horrela, zaila da gutxieneko kontrol bat bermatzea erabilera desegokia zigortzeko edota zuzentzeko".
Bestalde ingurumenari buruzko gaietan, herritarren motibazioa sustatzeko informazioa eta kontzientziazioa ezinbestekoak direla uste dute, eta orain arte egin den informazio kanpaina eskasttzat eta mugatutzat jo dute. "Udalak inplikatu behar du, baldin eta sustema berriaren aldeko apistu garbia egin nahi badu", nabarmendu dute. Era berean, hondakinen kudeaketa bere osotasunean lantzeko eta neurriak hartzeko une egokia dela ohartarazi du EHBilduk. Konposta sustatzea eta berrerabilpena bultzatzeko neurriak aipatu dituzte.
EH Bilduren ustez, Elgoibarko Udalaren eta Debabarreneko Mankomunitatearen jokaerak kolokan jartzen ditu hondakinen gaikako bilketa sistema berriaren onura guztiak. Berandu baino lehen, "premiaz", neurri zuzentzaileak hartzeko eskatu diete arduradunei. Neurriak adostu eta hartzeko foro egokiena uste dutena ere proposatu dute: "Udal talde guztiok osatzen dugun hondakinen mahaia".
•Bosgarren edukontzia
Udalak 2012an ezarri zuen bosgarren edukiontziaren bilketa sistemak ere huts egin duela adierazi dute EHBilduko arduradunek. "Agindu ziguten 2016rako gaikako bilketan birziklatze tasak %60a gaindituko zuela, baina bi urte geroago, ez dugu lortu %50a gainditzea ere. Hondakinak gaika biltzea ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Ez baditugu baldintza egokiak garatzen, kontrolatzeko bitartekoak ezartzen, informazio nahikoa eskaintzen eta motibazioa lanzten, jai dugu".

∞ Lotura duten albisteak: