Eudelek Martxoaren 8rako idatzitako adierazpena onartu du Elgoibarko Udalak, EAJren botoekin

Barren.eus 2018ko ots. 26a, 17:05

Emakumeen lanak gure gizartean duen eragina ikusarazi eta lan hori aintzat har dadila eskatzeko nazioarteko greba-deialdia egin dute martxoaren 8rako. Elgoibarko udalbatzarrak Eudelek proposatutako adierazpen instituzionala onartu zuen joan zen eguenean, EAJren botoekin. EHBildu abstenitu egin zen, adierazpenean ez zelako grebarekin bat egiten.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8an “planto” egitera deitu du. Hainbat herrialdetan zabaldutako greba deialdiarekin bat egiten dute indarkeria matxistari, esplotazioari eta diskriminazioari nahikoa dela esateko. Lau arlotan jarri dute fokua antolatzaileek eta horietan izango dira aldarrikapen nagusiak greba egunean: lan greba, zaintza greba, ikasle greba eta kontsumo greba. (Informazio osoagoa: grebafeminista.wordpress.com)

• Adierazpen instituzionala

Eudelek, Euskadiko Udalen Elkarteak, martxoaren 8ra begira zabaldutako adierazpenarekin bat egin du Elgoibarko Udalak, EAJren botoekin. Joan zen otsailaren 22ko udalbatzarrean onartutako adierazpen instituzionala da honakoa:

Zer gertatzen da emakumeek ez badute zaintzen, ez kontsumitzen, ez lan egiten, ezta parte hartzen ere?
Hausnarketa horrexek eraginda, iaz mugimendu feministak emakumeen nazioarteko greba-deialdi bat egitea erabaki zuen, non eta 70 herrialdetan baino gehiagotan; aurten, 2018an, “Emakumeok planto. Nosotras paramos” leloaren pean errepikatuko da. Grebaren xedea da emakumeen lanak gure gizartean duen inpaktua ikusaraztea eta lan hori aintzat har dadila eskatzea.
Gure gizartearen ongizatea ezinezkoa litzateke bizitzari eusteko ezinbesteko jarduerak egingo ez balira, hala nola, pertsonak zaindu (haurrak, adinekoak, mendekoak...) edo etxeko lanak egin. Lan horietako gehienek ez dute ordainsaririk, eta batez ere emakumeek egiten dituzte. Emakumeen ekarpenik gabe, gizartea geratu egingo litzateke.

Emakumeen lanaren zatirik handiena ez da ikusten eta ez da kontabilizatzen. Horrek esan nahi du etxeetan ekoitzitako ondasunen eta aberastasunaren balioa gutxietsi egiten dela, nagusiki emakumeek egiten dituzten zeregin hauen orduak eta ekarpen ekonomikoa ukatu eta ikusezin bihurtzen direla, eta zeregin horiek zaintza, osasun, giza eta babes arloari egiten dioten aurrezpen sozial handia ere ikusezin bihurtzen dela.

Lan-merkatuaren barruan eta kanpoan eskainitako orduak kontuan izanez gero, emakumeek gure gizarteko lanaren %56 egiten dute, baina baita ordainsaririk gabeko lanaren %74 ere. Gainera, feminizatutako lan asko, batez ere emakumeek egiten dituzten lan asko, enplegu prekarizatukoak dira edo lan-merkatuko ezkutuko ekonomiakoak. Sektore horretan, gainera, migratutako emakume ugari enplegatzen dira, eta beroriek jatorrizko inguruneetan beren haurrak beste emakume batzuen zaintzapean utzi behar izan dituzte; hala, zaintza-kate globalak sortzen dira.

Eta egiten dituzten zereginez harantzagoko kontua da; izan ere, emakumeek zaintzan eta etxeko lanetan igarotzen duten denboraren ondorioz, gizonek denbora gehiago dute beren karrera profesionala eta lan-munduko karrera garatzeko, edo aisiako edozein jarduera sozial egiteko, emakumeek jarduera horietan sartzeko zailtasunak izan arren.

Denboraren erabilera desberdin hau traba handia da berdintasuna lortzeko, eta gizon eta emakumeei buruzko estereotipoak betikotzeaz gain, generoaren ondoriozko erantzukizunak uztartzeko egiturazko oztopo ere bada, besteak beste.

Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da gizarteak aitortzea zaintza-lana ezinbestekoa dela bizitzaren iraunkortasunerako; zaintzen inguruko jendarte mailako antolakuntza berri bat babestu beharra dago zeregin hori beste modu batera hornitzeko, gizonen erantzunkidetasuna sustatu beharra dago, gizartea antolatzeko modu honen ondorioz erabakimen- eta botere-guneetan emakumeen talentuaren galera dagoela ikusarazi behar da, antolakuntza- eta enpresa-kultura berdintasunarekin lerrokatu behar dira, eta bizitza pertsonalaren eta laneko bizitzaren kontziliazioa sustatuko duten zerbitzu publikoak indartu behar dira.

Egoera honetaz ohartzen denez, Elgoibarko Udalak hitza ematen du
Sentsibilizazio eta trebakuntza-programak garatuko dituela, zaintzan eta etxeko lanetan gizonen erantzunkidetasuna sustatzeko eta erabakitzeko guneak emakumeekin partekatzeko.
Bere eskumenen alorrean lagunduko duela zaintza babesteko baliabideak eta zerbitzu publikoak garatu eta finkatu daitezen, eta zaintzen arloan erantzunkidetasun sozialerako komunitateko estrategien artikulazioa sustatu dadin.
Udaleko politikak genero-ikuspegiarekin garatuko dituela.
Balioen transmisioa azpimarratuko duela, berdintasunezko gizartea lortzeko kultura-aldaketak susta daitezen.

Azkenik, herritarrei dei egiten die martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta antolatu eta deituko diren ekitaldi eta ekintzetan modu aktiboan parte har dezaten.

• EHBilduren abstentzioa

Eudelek proposatutako adierazpenean abstentzioaren alde egin zuen EHBilduk,  ez zelako "grebarekin bat egiten". EH Bildu bere abstentzioa argudiatzeko plenoan esan zuenez, ez dute aurkeztuko martxoaren 8ra begira bere adierazpen propiorik eta ez dute babestuko ezta ere, mugimendu feministak egindako deialdiarekin bat egiten ez duen adierazpenik. Aitzitik, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela baloratu ostean, honakoa egitea erabaki dute: "EH Bilduk bat egiten du Martxoaren 8an lan, ikasketa, zaintza eta kontsumo esparruetara deituta dagoen grebarako deialdiarekin. 12:00etan eta 20:00etan egingo diren mobilizazioekin. Emakumeak deitzen dira greba egitera, eta grebaren seinale gisa, besoko morea janzteko, eta balkoi nahiz leihoetan amantalak eskegitzeko proposamenarekin. Ez kontsumitzeko deiarekin, batez ere enpresa eta merkataritza gune handiak saihestuz, azkeneko horiek baitira lan esplotazioaren eta baliabideen ustiaketa basatiaren ikur esanguratsuenetakoak".

∞Lotura duten albisteak:

 

m8morea v1